Etenik gabe aritu zuen euria atzo egun osoan zehar, San Joan sua piztu arte. Izan ere, gogotik busti zuten prezipitazioek ez zuten eragotzi sutzarra piztea. Are gehiago, sutzarra piztu orduko atertu egin zuen. Kalezarko jaien egitarauan txertatua zegoen hitzordu hau, jatorrizko eremura itzuli dute aurten; garai batean bezala, egun hesitua dagoen Pikaolara.
Segurtasun distantzia mantenduta, gerturatu ahal izan zuten sutzarra ikustera, hara joandako belaunaldi ezberdinetako herritarrek; hein handi batean, lagun koadrilek eta familiek. Ondoko irudietan ikus daitekeen moduan, belaunaldi gazteenak ez zion hutsik egin urte luzeeetako tradizioari. Ikasketen apunteak, etxeko lanak... izango ziren agian. Sutara botatzeko ahalegina egin zuten, nahiz paper asko jaurti ziren lekutik sutara heldu ez eta lurrean amaitu zuten.
Suak erakarri zuen protagonismo osoa Kalezarren. Euriari aurre eginez, indarra hartu zuen sutzarrari begira adi izan ziren herrikideak. Giro freskoa epeldu zen, sutondora hurbildu zirenek nabarmendu zuten moduan.
San Joan bezperako ospakizunen eskutik heldu gara San Joan egun honetara. Kalezarko festen azken eguna gaur. Honako hitzorduok iragarri ditu auzo horretako jai batzordeak aurtengo festak borobiltzeko:
Kalezarko jaiak
Ekainak 24, astelehena: San Juan eguna
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Trikitilariak: Ostolaza eta Pujana.
Ondoren, sardina eta sagardo dastaketa Saizar sagardotegiaren eskutik.
Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.