Kalezarko jaiak 2024

Koplatan eta dantzan heldutako San Joan eskekoek girotu dute gau euritsua

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 24a, 10:58

San Joan gau euritsuari festa giroz erantzun diote bart, Pikaola inguruan piztutako sutzarraren inguruan batutako eskean irtendako nahiz hitzordu honetara joandakoek.

Nahiago izango zuten Pikaolara joandako askok ateri izan eta hain gau freskoa ez izatea. Ez zen hala izan, ordea. Halere, giro busti eta freskoari alaitasun betean aurre egin zieten San Joan sua piztutako eremura joandakoek; tartean ziren, noski, eremua koplatan eta dantzan gogotik girotu zutenak, igande bazkalostean eskean irtendakoak.

Kalezarren barrena etxez etxe egindako biraren ondotik, heldu ziren 22:00ak aldera sutzarra piztutako Pikaola parera. Bidelagun izan zituzten Unai Gaztelumendi eta Asier Azpirotz bertsolariak eta Julen Labaka trikitilari eta Olatz Allur panderojolea. Bertsolariak koplatan aritu ziren musikarien laguntzaz Pikaolan kokaturiko oholtza gainetik. Inguruan ziren eskean irtendakoak eta haiengana gerturatu zirenak dantza betean ospatu zuten San Joan gaua.