Egunotan sarritan falta izan den eguzki izpi artean agurtu berri dituzte aurtengoz, Kalezarko jaiak. Auzoko plazak bazituen hainbat gune berezitu; batetik, oholtza gainean zituen trikitilariak. Aurrean batu zaie dantzara gazte talde bat, baina erromeria giroz blaitu ditu Pelaioenea parean zirenak. Oholtza ondoan aritu dira aurten, sardinak sukaldatzen. Izan ere, San Joan egun honetan ez du hutsik egin, arratsalde partean izaten den dastaketak. Ilara luzea sortu da ohikoa den moduan, sardin janerako. Ondoan zuten baita Saizar sagardoa dastatzeko kupela ere, txozna alboan.
Jan-edanaren, trikiti doinuen eta txikienentzako buruhandien bueltan agurtu dituzte aurtengo Kalezarko jaiak. 2025ekoei ekiteko atzerako kontaketa martxan da. Baina lehenago, abiatu berri dugun festen denboraldiaz gozatzen segitzeko aukera izango dugu laster, ekainaren 27tik uztailaren 2ra Usurbilen.