Kalezarko jaiak

Bizi asko hasi eta amaitutako Kalezarko jaiak iruditan

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 11a, 10:08

Inguruotako festen denboraldiko lehen ospakizunei gogotsu ekin zieten kalezartarrek ekainaren 21eko asteburuan. Bertako hitzorduen irudi bilduma "Kalezarko jaiak" kanalean jaso dugu.

Auzotarren elkargunea izan dira beste behin, aurtengo Kalezarko jaiak ere festen lehen unetik bertatik. Izan ere, ekainaren 21ean abiarazitako San Joanen baitan, herri kiroletan neurtu zituzten indarrak, lagunartea garaile izan zuen txapelketan. Segidan, estreinakoz, Peña Pagola elkarte ondoan kokaturiko karpagunean, afaritarako bildu ziren.

Haurrei zuzendutako ekintzen biharamuna izan zuten segidan, San Juan bezperako ospakizunak tarteko, egunbete aurreratu behar izan zutena. Euritan egin behar izan zuten trikitilari, panderojole eta bertsolariak bidelagun izandako eskea. Baina euriak ez zuen ekainaren 23ko gau parteko sua itzali. Kostata bai, baina piztu zuten unean atertzearekin batera, sutzarrari eutsi zioten aurten ohiko kokalekura itzuli ostean. Pikaolan egin zituzten San Joan gaueko ospakizunak. 

Toka txapelketarekin edota erromeriaz giroturiko sardin eta sagardo dastatzearekin agurtu zituzten kalezartarrek aurtengo jaiak. Helbide honetan duzue, ekainaren 21etik 24ra bertan bizi izandako festa giroa islatzen duen testu eta irudi sorta: noaua.eus/bereziak/kalezarko-jaiak-2024