Astelehenetik aurrera erabilgarri, Egurtzegiko igogailua eta autobus geltokia

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 30a, 14:43

Guztion irisgarritasuna bermatuko dute. Berebiziko garrantzia duen komunikazio bide berria zabalduko dute, datorren astelehenean, abuztuaren 5ean; Egurtzegiko igogailua, eta, harekin batera, baita zonalde horretako autobus geltoki berria. Zaintzadun etxebizitzen auzune berria, Kalezar edota Ugartondo inguruko bizilagunen joan etorria nabarmen erraztuko du datorren astelehenetik aurrera martxan egongo den zonalde honek, beraz.

Aipatu moduan, batetik, N634 errepide ertzeko autobus geltoki berria martxan jarriko dute hilaren 5ean. Errepidearen alde banatan, autobusera igo nahiz jaisteko gune berri, zabal eta irisgarria izango da aukeran, erosotasun osoa eskainiko duen gunea zalantzarik gabe. Semaforoek kudeatuko dute ibilgailuen joan etorria, errepidearen alde batetik bestera segurtasunez igaro ahal izateko. Aurretik zeuden semaforoek ere hor segiko dute; beraz, bina semaforo izango dira N634 errepideko errei banatan. Geltokira jaitsi nahiz handik Egurtzegi, Kalezar edota Ugartondorantz joateko igogailu zerbitzua ere martxan jarriko da datorren astelehenean. Eskilarak izango ditu baita, bi igogailu goraino igotzeko. Azken hilabeteotan bideratu diren lanei esker, irisgarritasuna bermatzen ez zuten Kalezarko geltokiak ordezkatuko ditu eremu berriak, auzoarekin lotzen duten orain arteko eskilara ezagunen alternatiba izango dira baita bi igogailuak.

Faseka egin beharra
Eremu berri honen irekiera eguna astearte eguerdi honetan aurreratu dute proiektu honen sustatzaile izan diren Usurbilgo Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Matiako ordezkariek. Hitzorduak Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea eta Matiako zuzendari orokor Gerardo Amunarriz batu ditu.

"Orain arte, Kalezarrek bazituen garraio publikoarentzako geralekuak N634 errepidean, baina ez ziren irisgarriak. Geltoki berriak metro batzuetara eraiki dituzte, auzunearen oinean bertan egon daitezen, bien arteko 22 metroko desnibela gaindituko duten bi igogailuekin eta eskailerekin batera. Geltoki zaharrek eta berriek, dena den, elkarri lotuta jarraituko dute, segurtasunagatik. Zebra bide berria margotu dute, eta semaforoak eskaripekoak dira: botoiari emanda aktibatzen dira", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.

1,6 milioi eurotik gorako kostua izan dute obra hauek. "Udalak 480.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, Egurtzegiri ez ezik Kalezarri eta Ugartondori egiten dien onuragatik, hiru urtetan banatuta, azken urtea 2024a izanik. Aurrekontuaren gainerakoa Matiaren ardura izan da, baita sor daitezkeen ezustekoak finantzatzea ere; Europako funtsetatik 700.000 euroko laguntza jaso zuten iaz, eta proiektua gauzatzeko bultzada garrantzitsua izan zen. Igogailuen zein geltokien mantentze-lanak udalaren gain geldituko dira orain".

Egurtzegi inauguratu eta urtebetera irekiko da zaintzadun etxebizitzen auzune berri honen atariko igogailua eta autobus geltokia. Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez, "hasieratik garbi izan dute Egurtzegik irisgarritasun unibertsala ziurtatua izan behar zuela, baina gehiegizko aurrekontuak kolokan jarri zuen proiektu osoaren bideragarritasun ekonomikoa, eta, ondorioz, bi fasetan egitea erabaki zuten: auzunea lehenengo, eta geltoki berriak eta igogailua, finantzazioa lortutakoan. Iaz, finantzaketa lotu ostean, proiektua idatzi zuen Matiak berak, auzunearekin erabat integratzeko helburuarekin, eta hura izan da obraren bultzatzailea. Igogailuen inpaktu bisuala ahalik eta txikiena izan dadin saiatu dira, horretarako, bi igogailu eginez, eta materialak ere tentuz aukeratu dituzte, auzunearen estetika bera izan dezaten".

Solaberrietak proiektu honek Usurbilentzat duen garrantzia nabarmendu du: “Egurtzegiren mugikortasun jasangarria bermatzeaz gainera, proiektu estrategikoa da Kalezar eta Ugartondoko eremuarentzat ere, nabarmen hobetuko dituelako garraio publikoa sustatzeko baldintzak: azpiegitura sozial garrantzitsua da herriarentzat”. Irisgarritasuna bermatzeak, hain zuzen ere, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei garraio publikoa erabiltzeko aukera emango die orain: “Lehen, ezinezkoa zuten”. Amunarrizek, bere aldetik, udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Matiaren arteko elkarlana nabarmendu du: “Elkarlanak berebiziko garrantzia du horrelako proiektuak garatu ahal izateko”.