Lau hamarkada baino gehiago biltzen darama urtero baba beltz txikiari gorazarre egiten dion kofradiak. Azken urteotan, Saizarren egiten dute ospakizuna, abuztuko azken ostegunetan.
Ildo horretan, aurtengoa ez da salbuespena izango; gaurko, hilaren 29rako iragarri dute aipatu jakia osagai nagusia izango duen otordua. Saizar sagardotegian elkartuko dira bazkaritarako arratsaldeko 14:00etan. Bertara joan nahi duenak aurrez egin beharko du erreserba 943 37 39 95 telefono zenbakira deituta.
Kofradekide berria
Otorduaren ostean, urteroko errituala bideratuko dute. Izan ere, kofradekide berri bat izendatzen dute, hurrengo ediziokoa hautatu eta iragartzearekin batera. Izendapena bilguneak sortutako ereserkia abestu ostean, kapa beltzak eta txapelak egoki jantzita egiten dute. Lurra lantzeko tresnaren, laiaren laguntzaz zin egitea bideratzen dute. Iaz, Joxe Mari Korta hautatu zuten kofradekide. Aurtengoan, Koldo Lizaso izendatuko dute.
Aurtengo hitzordua, berezia izango da baita. Izan ere, maiatzean zendu zen kofradia honen sortzaile eta sustatzaileetako bat; Joxe Ramon Sarasola. Albiste honi atxikitako iazko argazkian duzue, bilguneko gainerako kideekin batera. Segidan baita, kofradiaren ereserkia:
BABA BELTX TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?
Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia!
Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!