Udako etenaldiaren osteko martxa hartzen doa pixkanaka herri bizitza. Herri eragileak ere jardunera itzultzen hasiak dira. Horren adibide dugu Emakumeon Etxea. Kalezarko Pelaioenean egoitza duen bilguneko talde sustatzaileak bilera deitu du ostegunerako, irailaren 12rako, arratsaldeko 18:00etan.
Usurbilgo Udaletik aurreratu dutenez, "orain arteko ibilbidea baloratu eta aurrera begirakoez" jardungo dute saio horretan. "Talde sustatzaileko kideak modu egonkorrean biltzen badira ere, nabarmendu dute interesa duen oro gonbidatua dagoela bertan parte hartzera", gaineratu dute.
Gogoan izan, jada martxoan irekitako Emakumeon Etxean kokatua dagoela Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Saila eta, harekin, "horrek kudeatutako zerbitzuak, ikastaroak eta ekitaldiak ere bertan eskaintzen dira. Ordutik egindako ibilbidearen balorazioa egingo dute, eta aurrera begirako urratsez ere hitz egingo dute", Udaletik aurreratu dutenez, etziko bilkuran.
Azkenik, maiatzean egitekoak izan baina azkenean bertan behera utzi zuten Emakumeon Topaketa ere urrian egin asmo dute. "Gutxi barru iragarriko dute eguna eta egitaraua", aurreratu dute Udaletik.
Sarean
Bildu, elkar ezagutu eta harremantzeko eremua da besteak beste, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxea. Egoitza fisikoa izateaz gain, sare sozialetan da baita. "Kaixo eta ongi etorri Usurbilgo Emakumeon Etxearen sare sozial honetara. Usurbilgo emakumeen arteko harremanak bultzatzeko lekua gara, bai, baina askoz gehiago ere bai... Hemendik aurrera gure berri izango duzu hemen. Ongi etorria zara!", adierazi dute sare sozialen bidez zabaldu duten mezuan.
Bideotatik jaso dezakezue Emakumeon Etxearen berri:
Facebook: Usurbilgo Emakumeon Etxea
Twitter: @UsurbilEmakumea
Instagram: @usurbilgoemakumeonetxea
E-posta: emakumeonetxea@usurbil.eus
Telefono zenbakia: 943 371 112.
Ordutegia:
-Astelehen, asteazken eta ostiraletan: 10:00-13:00.
-Astearte eta ostegunetan: 10:00-13:00 / 17:00-20:00.
Helbidea: Belmonte kalea, 8 (Pelaioenea).