Hausnarketarako saioa antolatu du Kafe Tertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministak. Hitzordua etzirako iragarri dute ostiral honetarako, urriaren 4rako, arratsaldeko 17:30etan Kalezarko Pelaioenean egoitza duen Emakumeon Etxean. "Subjektuaren inguruan hausnartzen, izena eta izana birpentsatuz" izeneko saioa iragarri dute sare sozialen bidez.
Hala azaldu dute; "Kafe Tertuliako kideok ostiral honetan izen/subjektu aldaketaren inguruko hausnarketa saio bat burutuko dugu". Izan ere, talde feministatik zehaztu dutenez, "jakingo duzuen moduan Euskal Herriko Neska* Gazteon sareak Euskal Herriko Gazte Feministak izena hartu du eta saio hau aldaketa kokatu, gure jarduna berrikusi eta aldaketak mahaigaineratzeko baliatuko dugu", berri eman dute. Bertan parte hartzeko deia egin dute. "Izenak izana dakarrelako, animatu saioan parte-hartzera!".
Usurbilgo Baterajotzean berretsia
Ekainean aurkeztu zuten izen eta irudi berria Oreretan Euskal Herriko Gazte Feministek. "Subjektu politikoaren aldaketak, borrokak hauspotzeko, patriarkatua ulertzeko markoa berrezartzeko nahiz diskurtsoak berritu eta erradikalizatzeko aukera irekitzen digu. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren historia geure letraz idazten jarraitzeko", berri eman zuten duela lau hilabeteko agerraldian.
Subjektu politikoa aldatzeko proposamena iaz berretsi zuten, duela urtebete Usurbilen egindako Baterajotzean. "Elizondoko Baterajotzean mahaigaineratutako egonezin eta gatazkak, Usurbilgo Baterajotzeko mahai-inguru zentralera eraman genituen. Bertan gure subjektu politikoa aldatzea proposatu eta kolektiboki berretsi genuen", adierazi zuten Oreretako agerraldian.
Subjektua aldatzeko proposamena "neska identitatearen eta heterosexualitatearen problematizaziotik abiatzen da. Neska edo emakume izatea klase sozial baten parte izatea dela badakigu. Ez dela ezer biologikoa, ezer berezkoa ezta desiragarria ere. Gutako asko sozializatzen gara neska gisa. Eta bagara ere, kategoria hau gainditzen dugunak, zis heterosexualitatearen disidentziatik. Baina sozializazioak sozializazio, hemen gauden guztiok ari gara emakume klasearen alde, bere desagerpenera iritsi arte".
Horregatik, ziotenez, "hemen gaudenoi, ez gaitu elkartzen “neskak” izateak. Proiektu politiko batek elkartzen gaitu. Feminista izateak elkartzen gaitu. Eta helduleku berri honetatik ekingo diogu borrokari: izena, kolore eta formak aldatuz. Deformatuko gara, hautsi eta berriz elkartzeko".