Egurtzegi, "Bertso Bira" ekimenaren osteguneko geltokia

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 30a, 08:16

Bertsoz girotuko dute ostegun goiza Egurtzegin, Ane Labakak eta Anjel Mari Peñagarikanok.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, lurraldeko adinekoen egoitzekin lankidetzan, “Bertso Bira” ekimenaren edizio berria antolatu dute. Garai bateko "Adin-Adin" ekimenaren bederatzigarren edizioa da honakoa, aste hasieratik martxan dutena. Guztira 30 izango dira, eta ostegunean, urriaren 31n, Usurbilen, goizeko 11tan hasita, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrian, Egurtzegin, Ane Labaka eta Anjel Mari Peñagarikanoren eskutik.

Ekimenaren helburua bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da eta gaitasun kognitiboak sustatzea. Horretarako, euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetako bat plazaratuko dute: bertsolaritza . Guztira 30 saio egingo dira Gipuzkoako 24 udalerritako egoitzetan eta bat-bateko bertsoez gozatzeko aukera eskainiko dute. Saio bakoitzean, eskualde bereko eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolarik hartuko dute parte; 34 bertsolarik, guztira. Usurbilen kasuan, Ane Labaka lasartear gaztea eta Anjel Mari Peñagarikano 67 urteko albizturtarra. 

Saio bakoitzaren aurretik, egoitzetako animazio eta dinamizazio-langileek egoiliarrekin egiten dute lan, bertso zaharrei eta abesti herrikoiei dagokienez dituzten gustuak eta lehentasunak ezagutzeko. Horrela, bertsolarien parte-hartze aktiboa sustatzeko aukera sortzen da, eta horrek parte-hartzaileen eta artisten arteko lotura indartzen laguntzen du.