Emakumeon Etxea

Hitzaldia gaur, "Ama ta asunak" zikloa amaitzeko

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 19a, 08:47

Azken aste honetako June Baonza ilustratzaile eta diseinatzaile durangarraren "Ama eta asunak” zikloa amaitzeko "Amatasunak, beste amatasunak eta ahaidetasun berriak" hitzaldia programatu dute gaurko, Kalezarko Pelaioeneko Emakumeon Etxean.

"Ama ta asunak" proiektuak amatasunaren ideala deseraiki nahi du. Zein formatu du lan honek?
Bi formatu ditu lan honek. Covid garaia pasata, udalak beka batzuk atera zituen artista sortzaileentzat eta ni obra grafikoko beketara aurkeztu nintzen. Obrak grabatua izan behar zuen, hori zen hasiera batean hartu behar zuen forma eta elkarrizketa bidez egin behar nuen. Beraz, sei pertsona elkarrizketatu, eta horietatik abiatuta grabatuak eta obra grafikoa sortu nituen. Hala ere, interesgarria iruditu zitzaidan erakusketarako elkarrizketen euskarria ere izatea. Ikus-entzunezko euskarrietara ohituago gaude eta informazio hori errazago jasotzen dugu, normalean. Dokumental txiki bat da 38 minutukoa eta horri lotuta dauden sei obra grafiko kontzeptual, sei grabatu.

Sei bizi esperientzia, sei hautu, sei elkarrizketa, sei obra grafi-ko, bideo bat eta instalazio bat biltzen dituen lana da.
Pertsona adina esperientzia egon daitezke, baina obra baterako hautaketa egin beharra dago. Neure inguru hurbilean aurkitu nituen protagonistak, nire amatasun esperientzia kontatu nahi nuen, baina nik zuzenean hitz egin gabe. Genero, arraza eta klase sozial berekoak dira pertsonak nitaz hitz egiten dutelako.

Zein hausnarketaren ondorio da?
Gai honi buruz hitz egiteko gogoa neukan 2010ean ama izan nintzenetik. Niretzat esperientzia gazi-gozoa izan zen, sentsazio askorekin, eta horri buruz hausnartzeko gogoa neukan. Amatasuna hautu modura ulertuta eta ez derrigorrezko esperientzia modura. Dokumentalean agertzen diren hiru emakume ama dira eta beste hirurak ez. Alabatasunetik eta ama izateko aukera begiratze horretatik sortu dut.

Feminismoaren alderdi anitzez aritu ohi zara.
Feminismoaren begirada txertatzen dut nire lanetan feminista naizelako. Feminista naizen aldetik, arlo horretan mugitzen den jendearen enkarguak egiten ditut gehienbat. Beste lan mota batzuk ere egiten ditut.

Aurtengo Durangoko azokan zure lanen bat egon da.
Azokan aurkeztu diren pare bat lanetan parte hartzeko aukera izan dut: Miren Amurizaren “Playback” liburuko portada sortu dut Itziar Baztarrikarekin batera eta Iratxe Etxebarriaren '7.300 miligramo escitalopram' lana ilustratu dut.



Emakumeon Etxeko programazioa

Kultur programazioa
Abenduak 10-23
Donostiako 35. Lilatoian taldean entrenatu eta parte hartzeko izen-ematea galdetegi honetan: galdetegia .

Abenduaren 12tik 19ra
Erakusketa: "Ama ta asunak".
Zehaztasunak: "June Baonza Pagaldai (Durango, 1979) artistaren Ama ta asunak proiektuak amatasunaren ideala deseraiki nahi du, amatasunaren praktika bizigarriagoa egiteko erreferente eta diskurtso ugari eskaintzearekin batera".
-Abenduak 19, 18:00 Hitzaldia: "Amatasunak, beste amatasunak eta ahaidetasun berriak".
Hizlariak: Elixabete Imaz eta Miren Aranguren.

Urtarrilak 18, larunbata
19:00 "Hitz Esana" emanaldia, Mejillon Tigre kolektiboaren eskutik.
Zehaztasunak: "Spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia da Hitz Esana. Ahoz gora esateko idatzitako poesia da; errepikari erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen dion poesia; entzulearekin zuzen-zuzenean komunikatu nahi duen poesia; gorputzaz ahazten ez den poesia; esan egiten den poesia; momentuan gertatzen den poesia. Zeharkatzen gaituzten bizipenak piezen muinean kokatzea: etxebizitza, sexu-indarkeria, gorpuztasuna, idoloak...".

Liburutegi feminista

Informazio gehiago:
Facebook: Usurbilgo Emakumeon Etxea
Twitter: @UsurbilEmakumea
Instagram: @usurbilgoemakumeonetxea
E-posta: emakumeonetxea@usurbil.eus
Telefono zenbakia: 943 371 112.
Ordutegia:
-Astelehen, asteazken eta ostiraletan: 10:00-13:00.
-Astearte eta ostegunetan: 10:00-13:00 / 17:00-20:00.
Helbidea: Belmonte kalea, 8 (Pelaioenea).