Helmuga otsailaren 23ko Donostiako 31. Lilatoia izango dute. Abiapuntua, aldiz, asteazken iluntze honetan zuten Kalezarko Pelaioenean, Emakumeon Etxearen atarian. Aipatu emakumeen herri lasterketarako entrenatzen hasi dira gaur, eta hala egin asmo dute, hurrengo asteazken arratsaldetan 18:00etan, Garazi Artolak zuzendu eta Pelaioenea paretik abiatuko diren prestakuntza saioetan.
Hilabete barru Gipuzkoako hiriburuan egingo den Lilatoia prestatzea izango dute xede albiste honi atxikitako argazkikoek eta hurrengo asteetan nahiz proba egunean batuko diren herriko emakume gehiagok. Izan ere, elkarrekin entrenatu eta Lilatoian ere batera parte hartzeko deia egin zuen Emakumeon Etxeak urte amaieran. Bi talde osatzeko asmoa agertu zuten; oinez edo lasterketa parte hartzeko.
Talde hori osatzeko aukerarik ba ote zegoen baloratzeko, abenduaren 23ra arte esteka honetako galdetegia osatzeko gonbita egin zuten: galdetegia . Urtea amaitu baino lehen, jada gutxienez 44 emakumeek izena emana zuten.
Nola eman izena
"Lilatoiko izen-emate ofiziala irekita dagoen bitartean aukera izango da Usurbilgo taldean izena emateko ere: Lilatoiko antolatzaileen arabera, urtarrilaren 23ra arte edo plaza kopurua bete arte emango dute horretarako aukera (lehenengo gertatzen denaren arabera)", azaldu dute asteotan Udaletik.
Lilatoian Usurbilgo taldearekin parte hartzeko eman beharreko urratsak zehaztu dute. "Usurbilgo taldean parte hartu nahi duenak, Lilatoian izena eman aurretik, Usurbilgo Emakumeon Etxera jo beharko du (aurrez aurre, telefonoz edo emailez): kode bat emango diote han. Kode hori ezinbestekoa da izena-emateko webgunera sartu eta talde horretako kide gisa izena emateko. Galdetegi bat bete beharko du parte hartzaile bakoitzak, “informazio zehatza eta osoa emanez”. Galdetegia osatutakoan gordeko da plaza. Lilatoian parte hartzeko 15 euro ordaindu behar dira: izena emateko momentuan bertan ordaindu beharko du nork berea. Hori eginda, Usurbilgo Emakumeon Etxeko whatsapp kanalera harpidetu, eta horren bidez jasoko da entrenatzeko hitzorduen berri".
Asmoa, gabonen ostean izena emandakoak elkarrekin entrenatzen hastea zela aipatu zuten eta horretan hasi dira asteazken honetan, urtarrilaren 15ean. "Ariketa fisikoa elkarrekin egitea herriko emakumeak elkartu eta harremanak sendotzeko modua izan daitekeelakoan egin dute proposamena. Izatez, proposamen hori aipatu izan da Emakumeon Etxeko asanbladetan: Elkarrekin Egunean 50 emakume inguru elkartu ziren azaroaren 30ean, eta orain Lilatoia elkarrekin egiteko proposatu dute".
35. Lilatoirako izena eman eta argibide gehiago jasotzeko, lilaton.es atarira jo behar da.
Emakumeon Etxeko programazioa
Asteazkenetan
18:00-19:00 Asteazkeneroko Lilatoirako entrenamenduen hasiera, Emakumeon Etxetik. Garazi Artolak gidatuko ditu.
Urtarrilak 18, larunbata
19:00 "Hitz Esana" emanaldia, Mejillon Tigre kolektiboaren eskutik.
Zehaztasunak: "Spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia da Hitz Esana. Ahoz gora esateko idatzitako poesia da; errepikari erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen dion poesia; entzulearekin zuzen-zuzenean komunikatu nahi duen poesia; gorputzaz ahazten ez den poesia; esan egiten den poesia; momentuan gertatzen den poesia. Zeharkatzen gaituzten bizipenak piezen muinean kokatzea: etxebizitza, sexu-indarkeria, gorpuztasuna, idoloak...".
Gonbidapenak: usurbilkultura.eus plataforman eskuragarri dituzue.
Liburutegi feminista
Informazio gehiago:
Facebook: Usurbilgo Emakumeon Etxea
Twitter: @UsurbilEmakumea
Instagram: @usurbilgoemakumeonetxea
E-posta: emakumeonetxea@usurbil.eus
Telefono zenbakia: 943 371 112.
Ordutegia:
-Astelehen, asteazken eta ostiraletan: 10:00-13:00.
-Astearte eta ostegunetan: 10:00-13:00 / 17:00-20:00.
Helbidea: Belmonte kalea, 8 (Pelaioenea).