Martxoak 8

"Gustuko dut DJ saio batean, istorio bat kontatzea"

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 5a, 09:31

'650 Usurbil Bizi'-ren dinamizatzaile Ines Garcia Azpiazu eta KRII kolektiboko sortzaileetakoa dena, dj lanetan ariko da egunotan, Emakumeen Etxean antolaturiko ikastaroan eta Martxoaren 8an Artzabalen.

Zer eskainiko duzue zuen ikastaroan?
Bego Aldalurrek eta biok kolektibo bat sortu genuen 2017an, KRII izenekoa. Festak antolatu edota dj ikastaroak eskaintzen ditugu noizean behin. Ikastaro hauetan musika jartzeko oinarrizkoa irakasten dugu: ze ekipo behar den, nola lortu kantak... Musika elektronikoa hartzen dugu oinarri, musika jartzeko, kantak nahasteko estilo errazena delako. Horrek ez du esan nahi ikastaroko parte hartzaileek elektronika gustuko izan behar dutenik edo musika elektronikoa jartzeko obligazioa izango dutenik. Guk teknika bat irakatsiko dugu, baina gero bakoitzak nahi duena egin ahalko du. Musika gustuko baduzu, polita da zure festatxoak antolatzeko edo egiteko jakintza hori izatea. Martxoaren 8an Artzabalen, ikasitakoa praktikara eramateko aukera izango da, hori oso polita izango da. Aukera polita izango da ikusteko zer ikasi den ikastaroan zehar eta Begok eta biok egindako saio bat entzuteko baita.  

Aurreiritziak deseraikitzen ere pedagogia lana egitea egokitzen zaizue?
Gaur eguneko musika gehiena gailu elektronikoekin sortzen bada horrek esan nahi du musika elektronikoa dela. Musika elektronikoa aniztasunetik ulertzen dut, estilo piloa dago. Egia da badaudela estilo batzuk gogorragoak izan daitezkeenak, egia da lotzen ditugula goizaldeko parranda eta drogekin. Baina punk-ak eta rock and roll-ak ere izan dute harremantze hori eta ez dute hainbesterainoko estigma. Polita da erakustea elektronika lantzeko beste modu batzuk daudela. Egun, gainera, internetekin teknoa ez da purua, estilo askorekin nahasten da. Estilo dibertsitatea eta azpigeneroak infinituak dira. Orduan, nahiz eta aurreiritzi nahiko negatiboa egon, beti topatuko duzu zure estiloarekin harremana duen eta gogoko duzun musika elektroniko mota bat. Uste dut hori ere erakustea interesgarria dela. Nire kasuan, adibidez, badut kutsu esperimentalago bat, munduko musikak oso gustuko ditut eta horiek ere uztartzen ditut asko, egunaren arabera. Polita da zer duzun gustuko bilatzea. 

Hainbeste estilo artean, nola prestatzen duzue Dj emanaldi bat?
Oso kontu pertsonala izaten da, bakoitzak bere modura egiten du. Niri, adibidez, asko baldintzatzen nau saioaren iraupenak. Geroz eta ordu gehiago izan, tarte handiagoa duzu zure istorioa kontatzeko. Izan ere, gustuko dut dj saio batean, istorio bat kontatzea. Horretarako behar duzu denbora asko, musika asko entzun behar duzu. Garraio publikoan edo oinez nabilenean entzungailuak jartzen ditut eta musika fitxatzen aritzen naiz. Aukeraketa eginda, erosi egiten ditut kanta horiek. Bandcamp-en ekoizle askok dituzte beren kantuak salgai. Ostiraletan erosiz gero, kantuen prezio osoa haientzat izaten da. Horregatik, normalean ostiraletan egiten ditut erosketa horiek. Azkeneko hilabeteetan entzundako kantuak biltzen ditut eta nire aldartearen, festaren ordutegiaren, espazioaren, aurrean dagoen jendearen arabera, saioa moldatzen dut. Musika aukeratzeaz gain, teknikoki prestatu behar da. Entseiatu behar duzu etxean nahasketa nola egin. Gustuko dut gutxienez lehenengo hiru kantak aukeratzea, eta gero nahiko librea izaten da. Nahiz eta karpeta bera izan kantu berdinekin, ez dut inoiz saio bera egingo. 

DJ batek nola antolatzen du bere bizimodua? 
Ahal den moduan, bizitza osasuntsu bat ematen, hori oso garrantzitsua da.

Hau ere bada Dj-ekiko dugun beste aurreiritzi bat da?
Bai, guztiz. Enpresa munduan ez da gertatzen hau ezta? Hilabete honetan, adibidez, sei emanaldi ditut, gehi ikastaroa. Beraz, lan dezente da. Egia da, zortea dudala, etxetik nahiko gertu izango diren saioak izango direla. Gainera, konpainia onean egingo ditut, kartelean dauden beste artista gehienak ezagutzen ditut. Orduan, horrek ere lasaitasuna ematen du. Gainerakoan, zaindu behar duzu zure burua; ondo lo egin, beste lanpostuarekin ere ondo uztartu ahal dut eta horrek ere laguntzen dit asteburuetara ere nahiko lasai iristen. Ohitura osasuntsuak izateak eta gustuko jende jatorrarekin, gauza hauek egiteak asko laguntzen du.  

Espazio anitzagoetara hedatzen ari dira DJ saioak. Nola bizi duzu eraldaketa hau?
Polita da ikustea. Ohiko klubetatik kanpo ere ari gara lanketa bat egiten honekin. Hiru urte daramatzat Donostia Kulturan ikastaroak ematen eta beti betetzen dira. Gainera, etortzen diren pertsonak oso desberdinak dira; Musikeneko ikasleak, jubilatuak, emakume piloa…

Elektronika eta emakumeak lotzen ditu KRII kolektiboak. Espazio seguruak bermatzeko lanketan diharduzue. Nola?
Programatzaileen aldetik ikusten genuen emakume eta pertsona ez-binario gutxi zeudela klubetan. Orain hobekuntzak batzuk badaude emakume eta pertsona ez-binario gehiago egoteko oholtzetan. Horretarako erreferenteak behar dira eta musika jartzen ikasteko aukera errazak izatea. Guk ez dugu praktika soilik irakasten baizik eta musika elektronikoaren historia eta testuinguru hori ere azaltzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Hori ere genero ikuspegitik egiten dugu. Azken finean, musika elektronikoa izan da borroka eta politika espazio garrantzitsua historikoki. Orduan, hori ere nahi izaten dugu agerian utzi gure ikastaroetan.

Martxoaren 8ko testuinguruan eskainiko duzue ikastaroa. Aspaldikoa da emakumeak plaza publikoa hartzeko aldarria, baina baita trabak ere. Hau nola islatzen da zure emanaldi batean? 
Gu oso gure estilokoak diren giroetan mugitzen gara. Orduan baztertze sentsazio hori ez dugu hainbestetan sentitzen. Azkenean, kolektibo ezberdinak elkartzen gara. Gure filosofía oso antzekoa duten pertsonekin elkartu arren, beti gogorarazi behar da arau batzuk daudela bete behar direnak gure jaietan. Egia da, batzuetan arazoak izaten dira. Horretarako prest egon behar gara, protokoloak sortu behar dira. Aurreko urtean, Bruselako klub  batean egon nintzen. Pertsona batek gogorarazi zigun festa hori queer-a zela, gogorarazpen hori oso positiboa iruditu zitzaidan. Ez nauzu ezagutzen, badaezpada esan, oso ongi etorria izango da. Guk ere gure festetan egin behar dugu hau. Gure festetan lehenengo lerroak gurea izan behar du. Gertatu izan zaigu, mutil koadrila bat iritsi eta lehenengo lerroan jartzea. Halakoetan pedagogia hau ere egin behar da. Niri ere kezkatzen nauena da, gure espaziotik kanpo zer gertatzen den. Zer egin behar dugu; espazio hauetan bakarrik bermatuko dugu segurtasuna? Lanketa honek unibertsala izan behar du, gai transbertsal bat da azken finean. Baina nonbaitetik hasi behar gara. 

Bizi duzuen prekarietatea ere aipatu nahi diguzu.
Esparru guztietan gara prekarioak. Hor badago lanketa handi bat egiteke. Ordutegiak ez dira onak, hori horrela da eta onartzen dugu, baina baldintzak toki askotan nahiko txarrak dira. Prekario izateak ere ez dio laguntzen batere osasun mentalari. Astebururo egiten duzu lan jendeak jai duenean. Jendearen aisialdia entretenitzen duzu eta horrek ordainsari on bat izan behar luke, baina hori ez da horrela izaten. Ez da ahaztu behar, lan bat dela. Guk askotan ordainsariak negoziatzerakoan jartzen dugu beti mahai gainean; lan bat dela esan behar dugu eta orduan errespetuz ikusten da. Baina errepikatu behar duzu behin eta berriz, ez dela zaletasun bat, lanketa bat dago aldez aurretik eta emanaldi unean. Musika eta ekipoa erosten dugu. Jakin behar dugu lan hori ere baloratzen eta behar bezala ordaintzen.

Caracteres: 7228 | Palabras: 1004 | Párrafos: 26 | Líneas: 266 />99 | Columnas: 8