Euskal Telebistako albistegiak Egurtzegitik gaurkoan

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 12a, 11:11

Euskal Irrati Telebistak jakinarazi duenez, Egurtzegitik eskainiko dituzte ETB1 eta ETB2 kateetako gaurko albistegiak.

Usurbildik eskainiko dituzte asteazken honetan, martxoaren 12an, Euskal Telebistako albistegiak; ETB1 kateko Gaur Egun eta ETB2 kateko Teleberri saioak hain zuzen. Euskal Irrati Telebistatik berri eman dutenez, "erabat berritzaileak diren bizikidetza-etxeguneetako bizimodua erakutsiko digute" programa horietako aurkezleek; Xabier Usabiagak eta Africa Baetak hurrenez hurren.

"Gure gizartean adinekoen zaintzak duen garrantzia" aztertzea izango dute xede, Usurbildik eskainiko dituzten emanaldi bereziok. "Egurtzegi etxea mendekotasuna duten edadetuen arretan mugarria da erakundeen esanetan; orain arte ezagutu ditugun erresidentzia edo egoitzekin hautsi nahi duen eredua da. Bertan bizi diren pertsonen eskutik erakutsiko digute" aipatu telebistako aurkezleek nolakoa den bertako bizimodua.

Nazioartera begira
Horrez gain, "egoitza batera iritsi aurretik dauden bestelako zainketa eredu batzuk" ere aurkeztuko dizkiete ikus-entzuleei Gaur Egun eta Teleberri albistegietako lantaldeek. Horrekin batera, Euskal Herritik kanpoko esperientziak ere bildu asmo dituzte. "Gaiaren gaineko hausnarketa egingo dute adituen eskutik, zaintzei buruzko zifrak bilduko dituzte, eta mundura ere begiratuko dute, EITBko korrespontsalen laguntzari esker", iragarri dute ohar bidez.

Gogoan izan, arratsaldeko 14:00etan eskainiko dute euskarazko albistegi Gaur Egun ETB-1 katean; ordubete geroago hasiko da ETB2 kateko Teleberri saioa. Iluntzeko 20:00etan eskainiko da eguneko bigarren Gaur Egun albistegia; 21:00etan ETB2-ko Teleberri.

Euskal Irrati Telebistaren webgunetik eitb.eus ataritik ere zuzenean ikusi ahalko dituzue albistegiok eta emisio ordu horien ostean, web orrialde horretako Nahieran atalean.