'Harri Herri' txapelketaren hirugarren edizioa hastera doa

Erredakzioa 2025ko mar. 20a, 19:10

Harri Herri txapelketaren hirugarren edizioa martxoaren 31n hasiko da eta ETB1en eta eitb.eus atarian eskainiko dute.  Aurten, lehen aldiz, emakumezkoen taldeetako entrenatzaileak emakumeak izango dira. Herri kirol txapelketaren aurkezpena Saizar sagardotegian egin dute.

 

Aurten ere 32 harri-jasotzailek hartuko dute bertan parte: gizonezkoak 16,  emakumezkoak beste 16. launa taldetan lehiatuko dira, lau gizonezkoetan eta lau emakumezkoetan. Nobedadea honakoan, kapitainen aldetik dator. Emakume taldeen kapitainak ere emakumezkoak izango baitira: Elene Ostolaza, Karmele Gisasola, Naroa Arruti eta Lur Errekondo usurbildarra.

Gizonezkoak berriz, iazko berberak: Joseba Ostolaza, Zelai II, Izeta II eta Luis Mari Telleria izango ditugu berriro ere. Zortzi talde izango dira guztira, eta talde bakoitzak harri baldar baten izena izango du: Albizuri, Igeldo, Etxauri, Laukariz, Mollarri, Ibiur, Ergobia eta Ulia.

Txapelketak Zarauzko Aritzbatalde frontoia du kokaleku eta grabatu dira jada lau finalerdiak eta finala. Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariekin batera, Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia eta Idoia Etxeberria harri-jasotzailea arituko dira aurkezle eta aditu lanetan.

 

Aurkezpen ekitaldia Usurbilen egin da

Harri Herri txapelketako sustatzaile nagusiak Usurbilen batu dira, Saizar sagardotegiaren atarian. Joseba Urkiola EITB Mediako Kiroletako zuzendariak, Luis Mari Bengoa Egur Sport enpresako arduradunak eta Napoleon Lertxundi Saizarreko ordezkariak hartu dute hitza.

Kirolarien eta kapitainen izenean, Elene Ostolazak hainbat azalpen eskaini ditu.