Emakumeon Etxearen lehen urtebetea iruditan

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 25a, 08:55

Kalezarko Pelaioenea ireki zutenetik urtea bete den honetan, bertan egoitza duen Usurbilgo Emakumeon Etxeak hilabeteotan bideraturiko dinamika iruditan bildu eta ikusgai jarri du.

Lehen urtea bete du Kalezarko Pelaioenearen irekierak eta harekin, auzo elkartearen egoitzak eta Usurbilgo Emakumeon Etxeak. Azken egitasmo honen sustatzaileek argazki erakusketa xume bat jarri dute goiko solairuan, tarte honetan bideraturiko dinamiken erakusleiho gisa. Usurbilgo Udaletik gogorarazi moduan, “hainbat ekimen egin dira bertan -hitzaldiak, bilerak, topaketak, ikastaroak- eta horietako zenbaiten argazkiak jarri dituzte ikusgai: apirilaren 16ra arte izango dira” aipatu goiko solairuan. Behekoan, “inaugurazioaren eguneko argazkiak ere jarri dituzte. Horien kasuan, modu iraunkorrean uztea da helburua”.

Albiste honi atxikitako irudian duzue ikusgai irudien erakusketa hori, iragan martxoaren 20an Iratxe Etxebarriak bere "7.300 miligramo eszitalopram" liburua aurkeztu zuen unean. Hona hemen, Emakumeon Etxetik hurrengo hilabeteotarako iragarritako deialdien berri:

Emakumeon Etxea
Apirilaren 16ra arte
Emakumeon Etxearen urtemugako argazki erakusketa Kalezarko Pelaioenean.

Apirilak 11, ostirala
17:30 Emakume eta gizon subjektutasunaren inguruko tailerra Hiru Larroxaren eskutik Kalezarko Pelaioenean.
"Egingo den tailer proposamenean, teoria feminista eta queerretan egin diren proposamen desberdinak ikusiko dira, zeintzuek tailerrean parte hartuko duten gizon, emakume zein pertsona ez binarioen arteko botere harremanen lanketa ahalbidetuko duten".

Maiatzak 15, osteguna
18:00 Uxue Alberdi Estibaritzen "Hetero" liburu aurkezpena. Ondoren, solasaldia.

Maiatzak 24, larunbata
19:00 Evaren Alabak antzerki taldearen "Ring" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak:
"Ring batean sartzen diren bi aktorerekin hasiko da antzezlana. Bata gizonez jantzita dago eta bestea emakumez. Ikusleek ring-a inguratzen dute. Aurkezle batek pertsonaiak iragarri eta ikuskizuna hasten da".
Hizkuntza: elebiduna


Zerbitzuak
-Liburutegi feminista:
"Emakumeon Etxean liburu feministak daude eskuragarri: maileguan hartzeko aukera dago".
-Aholkularitza juridiko eta psikosoziala:
"Zerbitzu honen bitartez, gai konplexuei buruzko informazio juridikoa eskaintzen dugu: banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak".
Zerbitzu egunak: apirilak 9, maiatzak 21, ekainak 11, uztailak 9.
Ordutegia: 15:00-18:00.
-Aholkularitza psikologikoa:
"Sexu aholkularitza zerbitzuaren erabilpen urria antzemanda, horren ordez aholkularitza psikologikoko zerbitzua eskaintzea erabaki da. Zerbitzuaren xedea pertsonen autoezagutza, ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten tresnak ematea da, norbanakoaren ongizaterako eta gizarte-eraldaketarako. Ikuspegi psikosozial, humanista eta transfeminista bermatuz eskaintzen da zerbitzua".
Zerbitzu egunak: martxoak 31, apirilak 28, maiatzak 12 eta 26, ekainak 9 eta 23, uztailak 7.
Ordutegia: 15:00-19:00.


Zerbitzuon hitzordua eskatzeko:
943 377 112
emakumeonetxea@usurbil.eus