Esther Arrojeriak eskubaloia utziko du denboraldi hau amaitutakoan. Hala jakinarazi du hedabideen aurrean, ostegun honetan, apirilaren 3an. Ez da erabaki bera hartu duen jokalari bakarra izango; Alba Menendezek ere bide bera hartuko baitu 2024-25 denboraldia bukatutakoan.
"Ez da eskubaloian gaizki nagoelako, alderantziz,, pilo bat gozatu dut denboraldi honetan eta gozatzen ari naiz", adierazi du Arrojeriak hedabideen aurrean. Bere etorkizunari begira hartutako erabakia izan dela argitu du. "Erizaina naiz. Jada sentitzen ari nintzen nire bizitza bide horretatik eraman nahi nuela. Erizaintzan serioago sartu nahi nuen eta jada pauso hori emateko unea iritsi zela" berri eman du.
Horrez gain, kluba "une on batean utzi nahi nuen, bai fisikoki, eta bai joko aldetik, asko gozatzen". Horregatik, denboraldi hau ezin egokiagotzat jo du pauso hau emateko, "ez bakarrik klub bezala lortu dugunagatik, zerbait historikoa lortu dugulako, baizik eta pertsonalki ere oso ondo sentitzen naizelako, taldean pieza garrantzitsu bezala". Ondorioz, hedabideen aurrean argi utzi nahi izan duenez, hartutako erabakiarekin "oso oso lasai nago".
Bere agurra iragartzeko prentsaurreko honetan, gogoan izan du kluba. Hamahiru urteotan Kalezarkoarengan konfiatzeagatik eskerrak eman ditu. "Hemen denbora luzez egotea erabaki badugu, inon gutxi edo hemen baino hobeto inon ez ginelako egongo izan da".
Taldeaz "oso harro" agertu da historikotzat jo duen "denboraldi honetan egindakoagatik". Bereziki, alboan zuen Alba Menendez eskertu eta goraipatu du, eredu izan delako garaipenetan, baina batez ere neurketak galdutakoan. Taldean den beste herrikidea hartu du gogoan baita; Jon Begiristain, egun taldeko entrenatzaileetako bat dena. Izan ere, Arrojeriak oroitarazi duenez, "berarekin hasi nuen eskubaloiko ibilbidea LH 5ean nintzela. Bera izan zen nire lehenengo entrenatzailea eta bera izango da azkena".
Klubak jokalari bat galdu duela bai, baina betiko jarraitzaile leiala irabazi duela nabarmendu du. "Hor egongo gara beti, oso hurbil".
"Jarraitzaile asko irabazi ditugu"
Pertsona eta une asko daramatza berarekin Arrojeriak gaur adierazi duenez. Bi une historiko hautatzekotan, bi Erregina Kopak nabarmendu ditu. Batean, "egia da guretzat ez zela amaiera desiotakoa izan, baina nik uste dut klubak erakutsi zuen gaitasun hori halako ekimen bat antolatzeko", gainerako eragileekin batera. Finalean egon ez arren, "Gipuzkoako eskubaloian inflexio puntu bat markatzeko unea izan zen eta iaz, antolakuntza bikain hori errepikatu eta kopa guretzat gelditu zenean une hori ere betirako gogoratuko dugu, esan dudan bezala, ez bakarrik titulua eskuratu genuelako, jende asko erakarri genuelako baizik".
Nabarmendu duenez, "bi Erregina Kopa horietatik jende asko hurbildu da eskubaloira, jarraitzaile asko irabazi ditugu. Hori da bidea. Kluba pixkanaka pixkanaka goraka joango da oraindik, eta une onenak iristeko daudela uste dut. Hala izatea espero dugu".
Amaitu berri duten Europako ibilbidea oso polita izan dela ziurtatu du. Atzotik "buru- belarri jarrita gaude ligan. Taldeak gaitasunak soberan ditu hamargarren titulua lortzeko. Atzotik hasi ginen horretan". Aurrerantzean, helburua partida denak irabaztea izango dela berretsi du.
Gogoan izan, berriki bederatzigarren Erreginaren Kopa (hirugarrena segidan) eskuratu zuen Bera Bera eskubaloi taldeak. Jokalari taldean zen Kalezarko Esther Arrojeria; Jon Begiristain, aldiz, prestatzaileenean. Horrez gain, bederatzi alditan irabazi du Liga. Bera Berak urteotan izandako garaipenen bi adibide baino ez.