Nola definitu daiteke maiatzaren 17ko jaialdia?
Beñat Arruti: Kalexarko Udaberriko Trikiti Festa gisa izendatu dugu. Erromeri giroan trikiti festa bat ospatu nahi dugu, auzoa alaitzeko.
Bi eragile batu zarete lankidetza honetan. Nolatan?
B.A.: Denbora generaman Kalezarren auzo elkartea martxan jarri genuenetik ekintza ezberdinak antolatzen. San Joanez gain, esan izan digute San Rokeak antolatzera bueltatu behar garela, baina abuztua izanda zailagoa da. Plazaren egitura eta Kalezarrek trikitiarekin duen harreman historikoa baliatu nahi genuen eta Zumarten zuten proiekturen berri izan genuen.
Manex Torrealdai: Beste erromeria bat egitekotan nintzen Zumarteko ikasleekin proiektu bezala. Errezilgo nire ikasleak ere sartu nahi nituen bertan. Belmontekoek erromeria antolatu nahi zutela ikusita, bi proiektuak bateratu ziren eta hauxe sortu da.
Zertarako baliatu nahi duzue maiatzaren 17an, Kalezarko plaza?
B.A.: Pandemiaren ondoren, auzo elkartea martxan jarri genuenean helburu bat eta bakarra genuen; auzoa berriro aktibatzea, alaitzea, bizia ematea. Izan ere, jabetu ginen auzokideen arteko harremana hozten ari zela, Kalezarrek auzo bizitza hori galdu zuela. Auzo elkartearen helburua da elkartzea. Kalezar urte gutxian asko handitu da, Ugartondoko auzo berriarekin batipat, Egurtzegi ere hor dago. Haiengana iristeko zailtasunak izaten ditugu. Horregatik, halako festa batekin nahi duguna da, zalantzan dagoen kalezartar berri horri eskua luzatu eta betidanik hemen bizi direnak edo bizi izan eta kanpora joan direnak aitzakia izatea hona etortzeko.
Zumarteren kasuan, proiektu bat gauzatzeko aukera izango da honako hau?
M.T.: Bai. Ikasleei aukera bat eskaintzeko modua izan da. Izan ere, adin batetik aurrera, taldeetan sartu edo askotan utzi egiten dute soinua. Horregatik, iruditu zitzaidan polita zela haientzat ikasturtea erromeria bat prestatzeko baliatzea. Ordubeteko saioa izango dute. Badira gazte batzuk dantzan asko dabiltzanak. Oso aproposa iruditzen zitzaidan adin beretsuko trikitilariak eta dantzariak biltzea.
Ikasleek nola hartu dute urtebeteko prestakuntza prozesu hau?
M.T.: Nahiko azkar animatu ziren. Lanean dabiltza, orduan, entseatzeko biltzea ez da erraza izan. Hitzordua gerturatu ahala urduritzen hasi dira, baina normala da, oso ondo egingo dute.
Zer berezitasun ditu Kalezarko plazak halako erromeria baterako?
B.A.: Historia. Usurbil duela 650 urte hemen sortu zen. Erromeria giroak bere lekua izaten du San Joanetan. Leku goxoa da.
M.T.: Trikitilari bezala, San Joan eskea eskertuenetakoa izan da niretzat. Bada auzo bat trikitixarekiko eskertza duena, beste toki batzuetan ez dena hainbeste ikusten. Auzo hau oso ederra da trikitixa jotzeko eta halako planak ateratzea aukera ederra da.
Transmisioaren garrantzia plazaratuko duzue ezta?
M.T.: Polita da hori. Izer eta Alabier egun nire ustez, erromeri munduan dauden hoberenetakoak izango dira. Gonbita egin zitzaienean oso erraz eman zuten baiezkoa. Proiektua azaldu zitzaienean ere Izerrek transmisioarekiko betebehar bat sentitzen du. Polita da baita haiekin bertako ikasleak izatea.
B.A.: Azken urteotan nabarmenki indartu da erromeria giroa, jendea dantzara gehiago animatzen delako. Aristerrazu bezalako plazetan ikusten da. Une hau baliatu behar da halako erromeriak antolatzera itzultzeko.
Erromeria eguneko plaza nola irudikatu behar dugu?
B.A.: Zer da erromeria jan-edanik gabe? Txozna txiki bat jarriko dugu Pelaioenea atarian, auzoko hurrengo ekintzetarako laguntza biltzeko. Oholtza ere plazako leku ezberdin batean jarriko dugu, giro goxoa sortzeko.
Gainerakoan, zertan ari zarete Belmonte auzo elkartean?
B.A.: Auzo elkartea martxan jartzean hain ondo ateratzea espero ez genuen "Herribildu" antzezlan ibiltaria antolatu genuen. Ehun auzokideek baino gehiagok parte hartu zuten. Espero gabeko harrera bikaina izan zuen. Hurrengo urtean Gau Beltzarekin jarraitu genuen, indarrak ez ziren berdinak. Orduan jabetu ginen norabidea pixka bat aldatu beharra zegoela. Aurten, tailer ezberdinak antolatu asmotan gabiltza. Bereziki helduenengana hurbildu nahi dugu, Pelaioenean haiekin arratsalde pasak sortu.
Denontzako auzo bizigarria izate horretara heltzeko aukera ederra izango da.
B.A.: Zalantzarik gabe. Gure helburua da dantzatu edo egon nahi dutenentzat leku seguru eta alaia sortzea. Pelaioenea ere zabalik izango da. Trikitixa belarritik sartzen da eta gero norberak nahieran bizi du.
Zumarten ere 40. urtemugagatik garai berezia bizitzen ari zarete.
M.T.: Azken txanpa hau nahiko mugitua dator. Ekainaren 14ko prestaketa lan betean gara. Lehenengo urtea da niretzat. Juan Tapia ordezkatzen ari naiz. Ez dakit urteurrenarengatik ote den baina ez gara geratzen, halere, oso gustura gabiltza. Ikasleak oso animatuak dira eta musika eskola bezala oso ona da Zumarte. Irakasle eta zuzendaritza talde oso inplikatua du eta ikasleak orokorrean gogotsu daude. Festa oso polita osatuko dugula pentsatzen dut.
Zumartera itzulera urtea izan da zuretzat?
M.T.: Oso itzulera ezberdina izan da ordea. Hasteko, eraikina barrutik ez nuen ezagutzen. Egun dagoen azpiegitura izugarria da. Gu lehen nola egoten ginen ikusi edo orain nola gauden ikusi, asko hobetu da egoera. Horrez gain, urte berezia izaten ari da berrogeigarren urtemugarekin. Gustura gabiltza.
Biok trikiti munduari lotuak egonda, nola biziko duzue maiatzaren 17ko jaialdia?
B.A.: Ilusioz. Ea eguraldiak laguntzen digun, jendea hurbildu eta dena ondo ateratzen den. Lehenengo edizioa izango da. Urte honetarako aurreikusten ditugu beste egun batzuk ere.
M.T.: Polita izango da, baina ikasleen parte hartzea tarteko, urduri biziko dut. Halere, ondo pasatzera goaz, gogotsu gaude.
Nortzuk eta zergatik gonbidatu nahi dituzue Kalezarko estreinako trikiti festara?
B.A.: Trikitia gustuko izan eta Kalezar ezagutu nahiz bertan integratu nahi duenak ondo pasatzeko aukera bikaina izango du.
M.T.: Orbeldiko kideak, haientzako egun polita izan daiteke eta Aristerrazun biltzen diren dantzari gazteak ere gonbidatu nahi ditut. Gazteon dantza estiloa hango erakoa dute eta oso polita litzateke hori Usurbilen ikustea. Triku taldekoak ere animatu nahi nituzke, trikitilari eta trikiti zaleak. Herri osoa, denak.
Kalezarko Udaberriko Trikiti Festa 2025
Maiatzak 17, larunbata
Tokia: Kalezarko plaza.
17:00 Nahikari Etxeberria, Irune Etxabe, Malen Aierbe eta Ekhine Balerdi (Zumarteko ikasleak).
18:00 Julen Labaka eta Elaia Azpillaga (Errezilgo ikasleak).
19:00-21:00 Izer eta Alabier.
Oharra: euria eginez gero, eguna atzeratuko da.
Antolatzailea: Belmonte Auzo Elkartea.