Emakumeon Etxea

"Hetero" liburua aurkeztuko du gaur Uxue Alberdik

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 15a, 10:00

Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxean "Hetero" liburua aurkeztuko du gaur Uxue Alberdik. Ez da asteotarako iragarri duten ekintza bakarra izango.

Maiatzerako zenbait hitzordu antolatu ditu Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxeak. Haietako bat, ostegun honetarako, maiatzaren 15erako. "Hetero" liburua aurkeztuko du Uxue Alberdik. Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan. "Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.

Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia".

Gaurko liburu aurkezpenean egilea bera Pelaioenean izango da. Segidan, Yolanda Arrietak bideraturiko solasaldia izango da.

Emakumeon Etxea
Maiatzak 15, osteguna
18:00 Uxue Alberdi Estibaritzen "Hetero" liburu aurkezpena. Ondoren, Yolanda Arrietak bideraturiko solasaldia.

Maiatzak 24, larunbata
19:00 Evaren Alabak antzerki taldearen "Ring" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak:
"Ring batean sartzen diren bi aktorerekin hasiko da antzezlana. Bata gizonez jantzita dago eta bestea emakumez. Ikusleek ring-a inguratzen dute. Aurkezle batek pertsonaiak iragarri eta ikuskizuna hasten da".
Hizkuntza: elebiduna


Zerbitzuak
-Liburutegi feminista:
"Emakumeon Etxean liburu feministak daude eskuragarri: maileguan hartzeko aukera dago".
-Aholkularitza juridiko eta psikosoziala:
"Zerbitzu honen bitartez, gai konplexuei buruzko informazio juridikoa eskaintzen dugu: banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak".
Zerbitzu egunak: maiatzak 21, ekainak 11, uztailak 9.
Ordutegia: 15:00-18:00.
-Aholkularitza psikologikoa:
"Sexu aholkularitza zerbitzuaren erabilpen urria antzemanda, horren ordez aholkularitza psikologikoko zerbitzua eskaintzea erabaki da. Zerbitzuaren xedea pertsonen autoezagutza, ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten tresnak ematea da, norbanakoaren ongizaterako eta gizarte-eraldaketarako. Ikuspegi psikosozial, humanista eta transfeminista bermatuz eskaintzen da zerbitzua".
Zerbitzu egunak: maiatzak 26, ekainak 9 eta 23, uztailak 7.
Ordutegia: 15:00-19:00.

Zerbitzuon hitzordua eskatzeko:
943 377 112
emakumeonetxea@usurbil.eus