Badator ekainaren 23a eta horrekin sutzarrak nonahi pizteko ohitura berritzeko unea. Inguruotan, besteak beste, Zubietan, Santuenean edota festetan izango den Kalezarren piztuko dute. Azken honetakoan, datorren astelehen gauean piztuko duten Kalezarkoan, ordea, aldaketak izango dira.
Batetik, ez dute iazko leku berean piztuko. Iaz, lehenago urte luzez egin bezalaxe, Pikaolan piztu zuten San Joan bezperako sua. Aurten, ordea, 2023ko leku bera hautatu dute ekitaldi hau ospatzeko; Kalezarko parkearen azpialdeko zelaia. Hortxe piztuko dute San Joan sua hilaren 23an, gaueko 22:00etan. Erabakia jai batzordeak eta Usurbilgo Udalak elkarrekin adostuta hartu dute. Erabaki horren harira, jai batzordetik berri eman dutenez, "Udal Brigadak, eremu hau sua egiteko egokituko du: aldapa eremua ahal den neurrian lautu egingo dute, zuhaitz batzuk kenduko dituzte eta belardia sasiz garbituko dute".
Bada hitzordu honi begirako bigarren ohar bat ere. Izan ere, sutzar hau tokiz aldatu soilik ez, "segurtasun neurri zorrotzak" hartuko direla iragarri dute jai batzordetik. Batetik, "belardi osoa hesitu egingo da, eta debekatuta egongo da hesiak zeharkatu eta belardiko eremura sartzea".
Bestalde, "ezingo dira sutara paperak jaurti, hauek arriskutsuak dira, haize pixka batekin airera joaten dira eta. Gainera, zabor asko sortzen da, eremua zikinduz. Suaren eremuaren ondoan edukiontziak jarriko dira, sutara botatzeko paperak bertan botatzeko".
Hona hemen, abiatzear diren Kalezarko jaietarako osatu duten egitaraua osorik:
Kalezarko jaiak
Ekainak 19, osteguna
19:00 “Kalezarko San Juan Sua 1985-2015” diaporama Pelaioenean.
Zehaztasunak: “Kalezarko San Juan Suak garrantzia handia du eta baita San Juan eskeak ere. Hori azpimarratzeko, 30 urteko ibilbidea irudien bidez ikusiko da eta belaunaldi desberdinen bilakaera ere bai. Iñaki Agirresarobek ateratako argazkien bidez 25 minutuko erreportajeaz gozatzeko aukera izango da”.
Ekainak 20, ostirala
16:30 Txupinazoa eta jaien hasiera.
Ondoren, buruhandiak.
18:00 Auzotarren arteko herri kirolak.
20:00 Kalezartarren afaria.
23:00 Kontzertuak: Oilar Beltzak, Auskalo Taldea, Hazas & Jagoba.
Ekainak 21, larunbata: Oilasko biltzaileen eguna
10:00 Oilasko biltzaile txikien irteera.
16:00 Musa (izena ematea 15.30etan irekiko da).
18:00 Herriko dantzariak.
Ondoren, erraldoi eta buruhandien irteera Lauburu konpartsaren eskutik.
00:00 Kontzertuak: Gabezin Taldea, DJ Tintz.
Ekainak 22, igandea: Umeen eguna
10:30 Umeen krosa (izena ematea, 10:00etan hasiko da).
11:30 Jolasak.
Ondoren, buruhandiak.
14:00 Umeen bazkaria (norberak etxetik eramanda, postrea eta edaria jai batzordearen kontu).
16:00 Tailerrak.
Ondoren, buruhandiak.
18:30 Txokolatada.
19:30 DJ GorkaMendi.
Ekainak 23, astelehena: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
22:00 San Juan sua.
Ekainak 24, asteartea: San Juan eguna
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.
Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.