Kalezarko jaiak

"Kalezarko San Juan Sua 1985-2015" diaporama gaur, festa giroan sartzen hasteko

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 19a, 10:55

Aurtengo jaiei ekiteko "Kalezarko San Juan Sua 1985-2015" diaporama eskainiko du Iñaki Agirresarobe herrikideak ostegun honetan, ekainaren 19an 19:00etan Pelaioenean.

Proiekzioa antolatzeko ideia nondik atera da?
Lehen asko ibiltzen nintzen San Joan eskean beti argazkiak ateratzen eta argazkiak izango nituelakoan etorri zitzaizkidan jai batzordeko kideak egitaraurako irudi zaharren eske. Baietz esan nien, biltegiratuak nituela argazkiak. Berrikusten hasi eta mordoa topatu nituen. Eman nizkien.  Proposatu nien, nahi bazuten muntaketa bat egin zitekeela argazki bilduma horrekin. Ideia ona iruditu zitzaien.

Zer garaiko argazkiak diren jakinda, prestaketa lanak bideratzeko denbora beharko zenuen.
1985-2015 urte artekoak nituen. Ez du esan nahi urte guztietako argazkiak jarraian nituenik. San Joan eskeko argazkiak dira gehientsuenak. Horietan islatzen da nola kalezartarrek oso berea duten San Joan eskea. Irudietan ikusi daiteke zer belaunaldi joan den urtez urte eta gaur egun nola dagoen antolatua. 

Nola zenituen jasoak argazki zaharrenak? 
16-18 urterekin zaletu nintzen argazkilaritzan ikastaro baten bidez. Garai batean, analogikoan ateratako argazkien karrete guztiak artxibatuak ditut. Gerora, teknologiak aukera emandakoan, gabon batzuetan aritu nintzen banan-bana digitalizatzen denbora-pasa. 

Enkargu hau iritsi denerako eskerrak lan hau egina zenuen.
Bai, urtez urte sailkatuak ditut. Argazki piloa dago. Bere lana eman du.

San Joan eskeko argazkiak proiektatuko dituzu ezta?
Proiekziora doanak ez ditu ospakizun guztietako argazkiak ikusiko, gehienbat San Joan eskekoak izango dira. Irudi horietan ikusten da pasa diren belaunaldiak, aurpegi aldaketak. Batzuk falta dira. Beste batzuk haien buruari galdetuko diote, hori ni al naiz?. Ordu-erdiko iraupena izango du, musikatua egongo da.  

Irudi horien egilea zu zara. Irudietan zaude zu. Nola oroitzen dituzu garai hartako San Joan eskeak?
20-22 urterekin beti ekainaren 23a noiz etorriko zain izaten nintzen. Bertsozale amorratua nintzen eta etortzen zirenak etortzen zirela giro oso onean bizi genuen San Joan bezperako eskea; etxez etxe ibiltze hori. Etxe batzuetan beti eskekoak joateko zain izaten ziren. Garai polita izan zen. Auzotarrentzako hitzordu garrantzitsua izaten zen ekainaren 23ko eskea. Harreman berezia sortzen zen eskekoen eta auzotarren artean.

Zain egoten ziren hainbat etxeetan eskekoak noiz pasako zain, bere sagardoarekin. Bertsolarien ondoan baten batek egon behar izaten zuen etxekoen izena jakinarazteko. Garrantzitsua izaten zen, ohitura honen transmisioa; antolatzaileek hurrengoei lekukoa helaraztean etxe bakoitzean nortzuk ziren jakinaraztea. Bertsolarien ondoan egotea garrantzitsua da horretarako, haiek bertsoetarako heldulekuak izan ditzaten.  

Egungo punta-puntako bertsolariak ibili izan dira Kalezarko eskean. 
Andoni Egaña urte askotan etorri izan da, Jon Sarasua bitan, Peñagarikano, Solozabal, Amaia Agirre. Gu hasi ginenean, Jon Maia ikasle zela etortzen zen. 

Ohituren transmisioaz ere badihardu zure proiekzioak? 
Kalezartarrentzat hitzordu garrantzitsua izan da San Joan eskea. Oso haiena, galtzea penagarria litzateke. Galtzea erraza da, berreskuratzen zaila. Auzoa asko aldatu eta handitu da. Horrek ingurua asko aldatu du eta ohitura bera. Baina gogoa baldin badago segitzeko, ederki, jarraipena eman diezaiotela.

Proiekzio lekua, Pelaioenea, ere berritua izan da. Eskeko ibilbide horretan geltoki izan dena askotan.
Hala zen. Berbenak egiten ziren haren atariko plazan. Oso berritua dago orain tokia, bai. 

Argazkiak ateratzen segitzen duzu?
Boladaren arabera izaten da.

Proiekzioak eskainitakoa zara lehendik. Azkenekoetan inguruneari, naturari lotutako argazki bildumak erakutsi zenituen.
Gehienbat hortik segitzen dut. Gune desberdinetako paisaiak, naturak sortutako bitxikeriak, isladak, egunsentia askotan, udazkena... Leku desberdinetatik ateratakoak ditut. Gaur egun, jendearen aurpegiak ateratzea nahiko lan korapilatsua izaten da. Denerako baimena behar izaten da gaur egun. Lehen, ordea, ez zen halako arazorik, atera eta naturalki proiektatzen ziren. Jendeak gustura hartzen zituen. Kasu honetan, Kalezarko Pelaioenean egingo dut proiekzioa, baina hor bukatuko da kontua. 

Pelaioeneara joan asmo dutenei zer esan nahi diezu?
Joateko, nahiko barre egingo dutela. Oroitzapen zaharrak berritzeko, falta direnak gogoan izateko eta gaudenok nola aldatu garen ikusteko aukera izango da.

Kalezarko jaiak
Ekainak 19, osteguna
19:00 “Kalezarko San Juan Sua 1985-2015” diaporama Pelaioenean.
Zehaztasunak: “Kalezarko San Juan Suak garrantzia handia du eta baita San Juan eskeak ere. Hori azpimarratzeko, 30 urteko ibilbidea irudien bidez ikusiko da eta belaunaldi desberdinen bilakaera ere bai. Iñaki Agirresarobek ateratako argazkien bidez 25 minutuko erreportajeaz gozatzeko aukera izango da”.

Ekainak 20, ostirala
16:30 Txupinazoa eta jaien hasiera.
Ondoren, buruhandiak.
18:00 Auzotarren arteko herri kirolak.
20:00 Kalezartarren afaria.
23:00 Kontzertuak: Oilar Beltzak, Auskalo Taldea, Hazas & Jagoba.

Ekainak 21, larunbata: Oilasko biltzaileen eguna
10:00 Oilasko biltzaile txikien irteera.
16:00 Musa (izena ematea 15.30etan irekiko da).
18:00 Herriko dantzariak.
Ondoren, erraldoi eta buruhandien irteera Lauburu konpartsaren eskutik.
00:00 Kontzertuak: Gabezin Taldea, DJ Tintz.

Ekainak 22, igandea: Umeen eguna
10:30 Umeen krosa (izena ematea, 10:00etan hasiko da).
11:30 Jolasak.
Ondoren, buruhandiak.
14:00 Umeen bazkaria (norberak etxetik eramanda, postrea eta edaria jai batzordearen kontu).
16:00 Tailerrak.
Ondoren, buruhandiak.
18:30 Txokolatada.
19:30 DJ GorkaMendi.

Ekainak 23, astelehena: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
22:00 San Juan sua.

Ekainak 24, asteartea: San Juan eguna
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.