Kalezarko jaiak

Lehertu da festa giroa Kalezarren

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 20a, 17:46

16:30etan jaurtitako txupinazioarekin murgildu da bost eguneko jai giroan Kalezar.

Bero sapa gaurkoan bazter guztietan. Bero itzel honekin eman diote hasiera Kalezarko jaiei. Emakumeen Etxearekin batera, auzo elkartearen egoitza den Pelaioeneako balkoitik hasi dituzte aurtengo festak, bost eguneko ospakizun zikloa murgiltzeagatik pozarren eta esker hitzekin. "Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiogu festa hauek aurrera eramaten beraien denbora inbertitu duten auzotar, gazte, heldu, ume edota Kalezarko auzoan bizirik mantentzen lanean dabilen orori", nabarmendu dute jai batzordeko kideek.

Izan ere, "auzolanik gabe festa hauek ez baitira aurrera ateratzen". Horregatik, gaineratu dutenez, "aurten ere ez dugu inolako dudarik auzoa, musikaz, alaitasunez, elkartasunez eta auzolanez beteko dugula".

Argi utzi nahi izan duten jaien hasiera ekitalditik bertatik; "aho batez esan nahi dugu, festa hauetan ez dugula inolako jarrera erasotzailerik onartuko. Guztiok aske eta ondo pasatzeko gune eta festa batzuk nahi ditugulako".


Kalezarko jaiak

Ekainak 20, ostirala
16:30 Txupinazoa eta jaien hasiera.
Ondoren, buruhandiak.
18:00 Auzotarren arteko herri kirolak.
20:00 Kalezartarren afaria.
23:00 Kontzertuak: Oilar Beltzak, Auskalo Taldea, Hazas & Jagoba.

Ekainak 21, larunbata: Oilasko biltzaileen eguna
10:00 Oilasko biltzaile txikien irteera.
16:00 Musa (izena ematea 15.30etan irekiko da).
18:00 Herriko dantzariak.
Ondoren, erraldoi eta buruhandien irteera Lauburu konpartsaren eskutik.
00:00 Kontzertuak: Gabezin Taldea, DJ Tintz.

Ekainak 22, igandea: Umeen eguna
10:30 Umeen krosa (izena ematea, 10:00etan hasiko da).
11:30 Jolasak.
Ondoren, buruhandiak.
14:00 Umeen bazkaria (norberak etxetik eramanda, postrea eta edaria jai batzordearen kontu).
16:00 Tailerrak.
Ondoren, buruhandiak.
18:30 Txokolatada.
19:30 DJ GorkaMendi.

Ekainak 23, astelehena: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
22:00 San Juan sua.

Ekainak 24, asteartea: San Juan eguna
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.