2022an egin zuten azkenekoz, baina aldez aurretik jada tradizio luzea zuen ohitura berreskuratu dute aurtengo Kalezarko jaiek; oilasko biltzaile txikien irteera. Modu honetan, Usurbilgo herri eta auzoetan egiten den bira bakarra da Kalezarkoa. Izan ere, Zubietan, Aginagan, Usurbilen eta garai batean Urdaiagan ere oilasko biltzaile helduen irteera egin ohi dute.
Lagunarte eta familia girokoa da, ordea, hiru urteren ostean, Kalezarren berreskuratu duten ohitura. Goizeko hamarrak pasatxoan Peña Pagola elkarte ataritik abiatu eta hainbat etxe atarietan barrena ibili dira irudiotako auzokideak. Atzoko bero saparekin alderatuta, freskura handiagoa izan dute bidelagun gaurkoan, ekimenarekin bat egin dutenek.
Trikitilari eta pandero joleen erritmora egin dute bidea dantzan. Berdin egin dute baita etxe atarietara hurbildu direnean. San Joan bezperako eskekoei aurreratu zaizkie aurtengoan.