Kalezarko jaiak

Orbeldiren eta Laubururen bisitekin eta kontzertu gauarekin, goizaldera arteko jai giroa gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 21a, 09:25

Oilasko biltzaile txikiek abiatutako jaiegun luzea dute aurretik Kalezarren. Orbeldi dantza taldearen eta hitzordu berri bat, Lauburu konpartsaren bisita izango dute gaurkoan. Goizaldera arte luzatuko da parranda giroa.

Auzokideak jokoetan lehian jarri, elkarrekin afaldu eta goizaldera arte luzaturiko parrandaren ondotik, egun luzea dute aurretik gaur Kalezarren. Festarako gogotsu esnatu dira ordea. Txikienek haientzat egokituriko oilasko biltzaileen irteeran parte hartu ahal izan dute. Hau hasi baino ez da egin. Arratsalde partean, musean lehiatuko dira hainbat lagun. Horrez gain, Orbeldi dantza taldekoek uda partean Usurbilgo herri eta auzoetan egin ohi duten birari ekingo diote Kalezarren.

Eta adi, haien ostean, berrikuntza garrantzitsu bat. Izan ere, buruhandiak atzo irten ziren lehenbiziko aldiz festa hauetan. Gaur berriz aterako dira eta lasterketa bizi bat baino gehiago eragingo dute, baina ez dira bakarrik egongo. Izan ere, aspaldi ikusi ez den irudi baten lekuko izango gara gaur Kalezarren. Buruhandiekin batera erraldoiak ere irtengo dira, berriki Lauburu konpartsak eta Usurbilgo Udalak sinaturiko lankidetza hitzarmenaren harira berri eman zutenez.

Testuinguru horretan hain zuzen, Usurbilgo festetan lau irteera egitea adostu zuten eta gainerako herri eta auzoetako jaietan irteera bana. Bira hau Kalezarren hasiko dute gaur.

Goizaldera arte jai
Gauerditik aurrera segiko du gero festa giroak goizaldera arte. Ostiral honetan ere parranda ordu txikiak arte luzatu bada ere,  larunbat honetakoa izan ohi da "gaupasa" egun ofiziala. Izan ere, herriko kirol taldeek frontoian egiten dute denboraldi amaierako afari bateratua. Horrez gain, lagunarteko topaketa gehiago izaten dira baita. Denek helmuga bera izaten dute gero; jai giro betean den Kalezar. Hala izango da gaur ere.

Amaitzeko, gogorarazteko moduko ohar bat. Usurbilgo Udalak eta herriko hainbat eragileek, tartean, inguruotan ditugun jai batzordeek aisialdi eta festen eremuan gertatzen diren eraso matxistei aurre egiteko jarduketa protokolo eguneratua aurkeztu zuten berriki. Lanketa horren baitan, besteak beste, berrikuntzarik ere iragarri zuten; gune babestuak egokituko dituzte festa guztietan. Kalezarko jaietan, Egurtzegira lekuz aldatu aurretik, haur eskolako eraikinean kokatua zegoen Eguneko Zentroko egoitza ohia izango da.

Kalezarko jaiak
Ekainak 21, larunbata: Oilasko biltzaileen eguna
10:00 Oilasko biltzaile txikien irteera.
16:00 Musa (izena ematea 15.30etan irekiko da).
18:00 Herriko dantzariak.
Ondoren, erraldoi eta buruhandien irteera Lauburu konpartsaren eskutik.
00:00 Kontzertuak: Gabezin Taldea, DJ Tintz.

Ekainak 22, igandea: Umeen eguna
10:30 Umeen krosa (izena ematea, 10:00etan hasiko da).
11:30 Jolasak.
Ondoren, buruhandiak.
14:00 Umeen bazkaria (norberak etxetik eramanda, postrea eta edaria jai batzordearen kontu).
16:00 Tailerrak.
Ondoren, buruhandiak.
18:30 Txokolatada.
19:30 DJ GorkaMendi.

Ekainak 23, astelehena: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
22:00 San Juan sua.

Ekainak 24, asteartea: San Juan eguna
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.