Hazten eta hazten doa urtez urte, Kalezarko jaien baitan ospatzen den Haurren Eguneko parte hartzea. Gaurkoa ere horren adibide argia izan da. Hirugarren jaieguna dute gaurkoan, aurtengo auzoko festek. Dagoeneko erdibidera heldu dira, igande honetan ospatzen ari diren Umeen Egunekin.
Goizean goiz hasi dute, 10:00ak aldera, antolakuntzak Pelaioenea atarian jarritako izen-emate mahaiarekin. Bertan zehaztu dute, segidan ospaturiko haurren kroseko partaideen zerrenda. Ehun bat lagunek bat egin dute aurtengo edizioarekin; HHtik hasi eta LH zikloko helduenetarainoko haur eta gaztetxoak erakarri baititu hitzorduak. Bistan denez, urtez urte errotzen doan ekimena da gaur egindakoa, nabarmen sendotu dena dagoeneko.
Adin tarte guztietan, bizitasun itzela nabarmendu da. Energiaz topera abiatu dira Kalezarko erdiguneari itzulia ematera. Adin tartearen arabera, distantzia ezberdineko probak jokatu dira. Txikienek izan dute proba laburrena, adinez helduagoek parte hartu ahala itzuli bat edo bi ere eman dizkiote auzoari.
Lagun eta senideen babes eta animu erabatekoa izan dute guztiek, baina baita haien artean ere. Izan ere, lehiakortasuna soberan izan da gaurko umeen krosean. Lasterkariak, lehiakide baino bidelagun izan ditu ekimenak.