Kalezarko jaiak

Globo eta lokotsen artean, goizpasa ederra txikienen egun handian

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 22a, 14:04

Umeen Egun handia dute gaurkoa Kalezarko jaiek. Goizean goizetik lasterketa eta jolasean aritu dira.

Txikienen festa erraldoia gaur, erdibidera heldutako Kalezarko jaien baitan. Bertako gurasoen taldeak antolaturiko Umeen Eguna ari dira ospatzen goizean goizetik. Lasterka hasi dute eguna, krosarekin. Segidan, jolasen txanda heldu da. Globoak elkarri lehertzen gogotsu aritu dira lehenbizi, lokotsak biltzen gero. Bi modutan aritu dira proba horretan; gehientsuenek ezagutzen dugun modalitatean aritu dira biltzen eta berriz jartzen. Helduenek, ordea, zaku lasterketa eta lokots bilketa fusionatu dituzte. Zaku lasterketan aritu dira lokotsak biltzeko lanetan.

Amaitzeko, globo gehiago puztu eta auzo erdiguneari itzulia eman diote tren baten martxa irudikatuz, globoak tartean zituztela. Eskuek heldu gabe eutsi behar zieten gorputz artean globo horiei.

Goiza, bizi asko irtendako buruhandien festarekin amaitu dute.

Kalezarko jaiak
Ekainak 22, igandea: Umeen eguna
10:30 Umeen krosa (izena ematea, 10:00etan hasiko da).
11:30 Jolasak.
Ondoren, buruhandiak.
14:00 Umeen bazkaria (norberak etxetik eramanda, postrea eta edaria jai batzordearen kontu).
16:00 Tailerrak.
Ondoren, buruhandiak.
18:30 Txokolatada.
19:30 DJ GorkaMendi.

Ekainak 23, astelehena: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
22:00 San Juan sua.

Ekainak 24, asteartea: San Juan eguna
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.