Kalezarko jaiak

Kalezarko San Joan sua, parke ondoko zelaian eta segurtasun neurri zorrotzen artean

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 23a, 09:04

Kalezarren Pikaolatik kanpo piztuko dute San Joan bezpera honetako sua segurtasun neurri zorrotzen artean. 15:00ean abiatuko dute eskea.

Ekainak 23 ditu gaur, astelehena. Sutzarrez beteko zaigu inguru hau iluntze partean. Inguruotan, besteak beste, Zubietan, Santuenean edota festetan izango den Kalezarren piztuko dute. Azken honetakoan, ordea, Kalezarkoan, aldaketak izango dira.

Batetik, ez dute iazko leku berean piztuko. Iaz, lehenago urte luzez egin bezalaxe, Pikaolan piztu zuten San Joan bezperako sua. Aurten, ordea, 2023ko leku bera hautatu dute ekitaldi hau ospatzeko; Kalezarko parkearen azpialdeko zelaia. Hortxe piztuko dute San Joan sua gaur, hilaren 23an, gaueko 22:00etan. Erabakia jai batzordeak eta Usurbilgo Udalak elkarrekin adostuta hartu dute. Erabaki horren harira, jai batzordetik berri eman dutenez, "Udal Brigadak, eremu hau sua egiteko egokituko du: aldapa eremua ahal den neurrian lautu egingo dute, zuhaitz batzuk kenduko dituzte eta belardia sasiz garbituko dute".

Bada hitzordu honi begirako bigarren ohar bat ere. Izan ere, sutzar hau tokiz aldatu soilik ez, "segurtasun neurri zorrotzak" hartuko direla iragarri dute jai batzordetik. Batetik, "belardi osoa hesitu egingo da, eta debekatuta egongo da hesiak zeharkatu eta belardiko eremura sartzea".

Bestalde, "ezingo dira sutara paperak jaurti, hauek arriskutsuak dira, haize pixka batekin airera joaten dira eta. Gainera, zabor asko sortzen da, eremua zikinduz. Suaren eremuaren ondoan edukiontziak jarriko dira, sutara botatzeko paperak bertan botatzeko".

San Joan suan parte hartuko dute, lehenago, 15:00etan eskean irtendakoek. Ohi bezala, bertsoz eta trikiti doinuez girotuko dute, auzoan barrena egingo duten bira:

Kalezarko jaiak
Ekainak 23, astelehena: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
22:00 San Juan sua.

Ekainak 24, asteartea: San Juan eguna
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.