Gogotik saiatu ostean lortu dute. Azkenean, sutzar itzela piztu dute Kalezarren. Astelehen gaueko 22:00ak baino lehen jendetza bildua zen auzoko parkearen parean, maldan behera den zelaiaren ondoan eta ez Pikaolan.
Izan ere, iaz, eta aldez aurretik, urte luzez, Ugartondoko auzune berriaren alboan piztu izan dute ekainaren 23ko gaua argitu izan duen sutzarra. Aurten, ordea, 2023an egin zuten bezalaxe, Kalezar erdigune pareko zelaian piztu dute, jai batzordeak iragarri bezalaxe Udalarekin halaxe adostu ostean eta segurtasun neurri zorrotzen artean. Sua piztu duten eremu hurbilena itxi egin dute, ikus-entzuleek ohi baino urrunagotik ikusi ahal izan dute sutzarraren piztea eta behin piztu ostean, hartu duen indarra.
Jai batzordeak iragarritako segurtasun neurriak erabat errespetatu dituzte herritarrek. Izan ere, aurreko urteetan guztiz errotua zen ohitura izan da sutara paperak jaurtitzea. Aurten hala egitea debakatu egin dute, egoera arriskutsuak saihestu eta eremuaren garbitasuna bermatzea aldera. Sua piztutako eremuan edukiontziak jarri dituzte. Paper zatiak bertara botatzeko aukera izan dute. Antolatzaileek gero, edukiontzi horietakoa sutara irauli dute.
Esandakoa, auzolan horri esker, hasieran kosta arren, sutzarra piztu dute bai eta ez edonolakoa. Indar itzela hartu du, azkenean, irudiotan ikus dezakezuen moduan.