Kalezarko jaiak

San Joan bezperako eskeak girotu du Kalezarko sutzarraren piztea

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 24a, 12:58

Bazkalostean etxez etxe abiaturiko San Joan bezperako eskeko parte hartzaileek girotu dute astelehen gau honetan, Kalezarko sutzarraren piztea. Bertsoek, trikiti doinuek eta haien erritmora eginiko dantza saioek eman diote bizitasuna, sutzarra gogotik piztea kosta den hitzorduari.

Haiek gabe sutzarrik ez. Antolatzailerik gabe festarik ez da izaten, ezta hamarkada luzez Kalezarren bizirik eutsi dioen ohitura biziberritzeko aukera ere. Astelehen honetan, bazkalostean ekin diote auzoan barrena etxez etxe egindako eskeari. Ibilbide hark, ilundu berritan Kalezarko parke ondoan piztutako sutzarra izan du helmuga.

Hasi bezala heldu dira eskean irtendakoak astelehen gaueko 22:00ak pasatxoan, hitzorduaren urteroko ikusminak erakarritako ikus-entzuleen artera; festa giroan, dantzan iritsi dira, ibilbide osoan bezala, trikitilariak eta bertsolariak bidelagun zituztela. Haiek guztiek girotu dute Kalezarko gaua gogotik argitu duen sutzarraren piztea. Haiek eta adi asko ziren belaunaldi ezberdinetako herrikideek. Batek baino gehiagok unea mugikorrean jaso nahi izan du.

Sutzarraren pizte ekitaldia girotua izan da, aipatu moduan; eremu hurbilenera gerturatu ahal izan duten bakarrak antolatzaileak eta eskean irtendakoak izan dira. Urtero bezala, gaur gaueko protagonistaren bueltan dantza egiten aritu dira trikitilarien erritmora. Haien dantzak, bertsolarien koplek tartekatu dituzte; tartean, Harri Agirresarobe Kalezarko herrikide gaztearenek.

Kalezarko jaiak, jada azken txanpan sartu dira. Astearte honetan, ekainaren 24an amaituko dira:

Ekainak 24, asteartea
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Sardina eta sagardo dastaketa Saizar Sagardotegiaren eskutik, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuta.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.