Kalezarko jaiak

Sute bat baino gehiagoren biharamuna

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 24a, 11:37

Bakarra izan zen bart ofizialki Kalezarren piztutako sutzarra. Biharamun honetan, azken orduotan piztutako beste sute baten arrastoak nabariak dira auzora igotzeko eskaleretan.

Usadio zaharrak berrituz, sutzarrak nonahi piztu dira azken orduotan. Ke zutabeak eta suak argitutako eremuak zenbaezinak izan dira inguruotan. Gehienak, ordea, behar besteko segurtasun neurriak hartuta eta behar ziren guneetan piztu dira. Izan da, ordea, beste urte batzuetan gertatu izan den moduan, berme horiek gabe sua piztu izan duenik ere.

Guztien arrastoak nabarmenak ziren astearte eguerdi honetan. Segidan dituzue, aipatu moduan, berme guztiekin bart Kalezarko parkearen ondoan piztutako sutzar ofizialaren arrastoak. Oraindik ke pixka bat zerion eremuari astearte eguerdi honetan, ekainaren 24an. 

Handik hurbil, ordea, Kalezarrera igotzeko eskaleren alboan, bazen azken orduotan jaieremutik kanpo, su gehiago piztu izanaren arrasto gehiago ere. Eserlekuetako bat dagoen eremuan hain zuzen. Hondakinen arrastoaz eta beltzuneaz gain, ez du bestelako eraginik izan.