Esther Arrojeria ligako jokalari onena eta Estitxu Berasategi defentsa onena izateko hautagai

Noaua Aldizkaria 2025ko eka. 25a, 11:17

Esther Arrojeria lehiatu den ligako 2024-25 denboraldiko jokalari onena dela ebatzi dute emakumezkoen eskubaloian goi mailan dabiltzan entrenatzaileek eta jarraitzaileek sare sozialen bidez.

Denboraldi eta ibilbide amaiera ezin gozoagoa ari da bizitzen Esther Arrojeria. Berriki erretiroa hartzea erabakitako Kalezarko eskubaloi jokalaria 2024-25 kirol urteko ligako jokalari onena izendatu dute.

Izendapen hori bozketa bidez erabakitzen dute; alde batetik, entrenatzaileek emandako babesa eta bestetik, liga honen sare sozialen bidezko jarraitzaileen bozkak hartzen dituzte kontuan. Espainiako eskubaloi federaziotik berri eman dutenez, 5,14 puntu eskuratu ditu Kalezarkoak. Haietatik 2,38 puntu entrenatzaileek emandakoak dira, 1,29 puntu eskuratu ditu X sare sozialaren bidez eta beste 1,47 Instagram bidez.

Hala, 4,86 puntu eskuratutako KH-7 Granollers taldeko jokalari Martina Capdevillari gailendu zaio Arrojeria. Espainiako eskubaloi federazioaren arabera, erabakigarria izan da maila gorenean dabiltzan entrenatzaileen babesa.

Orain arte Arrojeria kide izan duen Bera Bera eskubaloi taldea nagusitu da izendapenetan. Atezain onena (Lucia Prades), eskuin muturreko jokalari onena (Anne Erauskin), pibote eta defendatzaile onena (Lyndie Tchaptchet) eta entrenatzaile onena (Imanol Alvarez) Bera Berakoak dira. Finalisten artean ere kide gehiago izan dituzte, zentral onena (Elba Álvarez), eskuin muturreko jokalari onena (Maitane Etxeberria) izendatzeko hautagaien artean hain zuzen.

Estitxu Berasategi, finalisten artean
Arrojeria ligako jokalari onena izendatu dute. Bada beste herrikide bat ere finalisten artean zegoena; egun, Costa del Sol Málaga taldean jokatzen ari den Estitxu Berasategi. Defentsa onena gisa izendatzeko hautagaien artean zen. 4,65 puntu eskuratu ditu. Haietatik 1,92 puntu entrenatzaileen aldetik. Zaletuek sare sozialen bidez emandakoak dira gainerako puntuak; 1,71 X sare sozialaren bidez eta 1,02 puntu Instagram bidez.

Kategoria horretan lehiakide zuen Bera Bera eskubaloi taldeko jokalari Lyndie Tchaptchetek eskuratu du, ordea, aipatu izendapena.