Usurbilgo eta Kalezarko jaiak iruditan

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 10a, 11:39

Orain arte izan ditugun udako jaien denboraldiak emandakoa iruditan bildu dugu.

Uda garai honekin batera heldu da jaien denboraldi berria inguruotara. Dagoeneko, Kalezarko festak igaro dira,  baita iragan aste osora hedaturiko Usurbilgo jaiak ere. 

Kalezarko jaiak
Ohi baino luzeagoak izan ziren, aurtengoan, Pelaioeneko balkoitik hasitako Kalezarko festak. Bertatik jaurtitako txupinazoan, antolaketa lanetan eskainitako laguntza eskertu zieten auzokideei. Auzotarren biltoki izan ziren jaiak lehenbiziko egun hartan, ekainaren 20an, herri kirolekin edota kalezartarren afariarekin.

Biharamunean, duela hiru urteko oilasko biltzaile txikien irteera berreskuratu zuten. Familia giroan auzoan barrena hedatu zuten festa giroa. Arratsalde partea Orbeldiko kideek eta estreinakoz, Lauburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eginiko irteerak osatu zuten. Haurrak izan ziren protagonista hirugarren jaiegunean, kros jendetsu, jolas, tailer eta askari gozoarekin. Ekainaren 23arekin batera heldu zen San Joan bezpera eta harekin, ohitura den moduan, eskea eta aurten, Pikaolatik parke ondoko zelaira segurtasun neurri zorrotzen artean lekuz aldaturiko sua. Sua izan zuten baita hizpide, festen hasieran Iñaki Agirresarobek eskainitako diaporama jendetsuan.

Kalezarko jaiegun nagusiko, hilaren 24ko azken ekitaldiekin, toka txapelketarekin eguerdian, eta erromeria giroan eginiko sagardo eta sardina dastaketarekin agurtu zituzten festak.

Ekainaren 19tik 24ra izandako festa giroa iruditan bildu genuen. Esteka honetan ikus dezakezue bilduma osoa: Kalezarko jaiak 2025

Usurbilgo jaiak
Kalezarko jaien ondotik heldu ziren Usurbilgoak. Aurtengo edizioa, ohi baino luzexeagoa izan da iraupen aldetik; bizitakoa ia "Aste Nagusi" modukoa izan dela esan daiteke. Ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 6ra arte denetarik eta denontzako eskaintza zabala izan da, gau eta egun.

Festei hasiera ofiziala ematen 40 urte betetako Ziortza Gazte Elkartea eta Zumarte Musika Eskola izan ziren. Herrigintza goraipatu zuten. Jaietarako girotu gintuena, ipurtargia izan da. Jokin Eizagirreren sorkuntza lanak hainbat sorpresa ekarri dizkigu; gauak argiztatu dizkigu, paparrean eramateko tamaina txikiko 5.000 maskota ere prestatu ditu eta euriak sutan desegitea eragotzi zuen jaien amaieran.

Gazte egitarau oparoa izan dute jaiok ere. Usurbilgo gazte mugimenduak faxismoa salatuz ekin zieten aurtengo festei. Hortik aurrera, hamaika dinamika bideratu dituzte; oilasko biltzaileak, gazte bazkaria, poteo elegantea edota hamaika kalejira. Tartean, aipatzekoa, Ziortza Gazte Elkartearen 40. urtemuga jaialdian estreinakoz eskainitako emanaldiaren ondotik, festetan Ondoezik herriko elektrotxaranga talde berriak eginiko kontzertu ibiltaria. Aipatzekoa baita, palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko eginiko herri argazki jendetsua.

Gainerakoan, haurrek haien egun nagusia izan zuten uztailaren 3an, ginkana, erronka, txokolate jan, buruhandi, puzgarri, askari gozo, txutxu tren edota Dantzaokearekin. Egun horretatik kanpo ere izan dituzte hitzordu gehiago; hala nola, Kolore Festa, puzgarriak... Eta ikusmin itzela piztutako buruhandiak. Sei buruhandi berri plazaratu ditu estreinakoz Lauburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak; jaien hasieran aurkezturiko aharia, basurdea, oilarra, errotaria, anguleroa eta arotza.

Estreinakoz, Orbeldi dantza taldekoak ere bidelagun izandako uztailaren 1eko herri kalejiran irten ziren bizi asko. Ez dira, ordea, jaiotako berrikuntza bakarrak izan; "Mikra" kale zirkuaz gozatu ahal izan da, iaz eskainitako Usurbilgo irudi zaharren hitzordua indartu da 1991ko Sagardo Eguneko proiekzioarekin, México Lindo taldekoek girotu zuten azken eguna, Bihurri ludotekak jolasen arratsaldea antolatu zuen estreinakoz edota boleibol ikastaroa ere programatu zuten festa hauetan.

Kirol hitzordu gehiago izan dira, halere; pala, pilota, bola txapelketa edota herritarren arteko herri kirol erakustaldi bikaina.

Zaintza izan dute ardatz baita festa hauek; zaintza behar dutenei zuzenduriko ekitaldi espezifikoekin edota hainbat ekitaldi ordutegi zehatzetan jarrita. Testuinguru horretan kokatu beharrak daude jubilatuen bazkaria, Sutegiko film proiekzioak, ordubetez txutxu trena baliatzeko izandako esklusibotasuna...

Eta dantzan jarri gaituzte jaiok; erromeria ugari izan da frontoian, eta kontzertu gau biziak txoznetan.

Ekainaren 30etik uztailaren 6ra izandako Usurbilgo jaien irudien bilduma, esteka honetan kontsulta dezakezue: Usurbilgo jaiak 2025