Bizi osorako etxebizitzak

Uztailaren 24ko udalbatzarrean hasieraz onartuko dute, bizi osorako etxebizitzen udal ordenantza

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 17a, 15:12

Egurtzegik bizi osorako sei etxebizitza izango ditu zaintza behar dutenentzat eta haien zaintzaileentzat. Haietatik lau Udalak kudeatuko ditu eta alokairuan eskainiko dizkie herritarrei, aldaketarik ez bada 2026. urte hasieran. Ordura arte, egitasmoak egingo duen bidearen berri eman die hedabideei Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak ostegun honetan, bizilekuok ezagutarazteko eginiko agerraldian.

Gaur hedabideen aurrean aurkezturiko Egurtzegiko bizi osorako sei etxebizitzak, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan, "Usurbilen artikulatzen eta eraikitzen ari garen zaintza ekosistema horretan beste baliabide bat gehiago izango da".

Gogora ekarri duenez, "Usurbilen urteak daramagu zaintzak eraldatu nahian. Herri estrategia bat osatua daukagu. Horren barruan ikusten dugu, zaintzak ere etxebizitza politikan eragin behar duela. Zahartzen ari, zaintza beharrak areagotu eta bakardade ez hautatuan bizi diren pertsonen kopurua gora egiten ari den gizarte honetan, nolabait, etxebizitza politikak ere erantzun behar dio kolektibo horri".

Udazkenean izen-ematea
Lau etxebizitza izango dira alokairu bidez Udalak kudeatu eta usurbildarrei eskainiko dizkienak. Segidan zehazten diren hiru kolektiboei zuzenduak egongo dira, baina bat bereziki, "gazteagoak diren bizikidetza unitateei" izatea sustatu nahi dute. Ezinbestean, Usurbilen erroldatuak egon beharko dute interesdunek. Albiste honetan beherago dituzue, bizilekuotara sartzeko baldintzei, esleipen prozedurari eta egutegiari buruzko xehetasun gehiago.

Lehenbizi, uztailaren 24ko udalbatzaren osoko bilkuran bizilekuok arautuko dituen udal ordenantzari hasierako onarpena eman asmo diote, azken asteotan lantzen aritu direna hain zuzen. "Gisa horretako etxebizitza motarik ez dago inon. Matiak modu pribatuan kudeatzen ditu, baina eremu publikoan ez dago eta, beraz, guretzat izan da sormen ariketa garrantzitsu bat gisa honetako ordenantza bat egitea, etxebizitza publiko hauek arautzeko".

Behin betikoa onetsi ostean irekiko dute interesdunentzat izen-emateko epealdia; udal aurreikuspenen arabera, urria aldera izan daiteke. Hortik aurrerako prozesuaren amaieran emango dira etxebizitzak, udal gizarte zerbitzuek baremazio lana amaitu ostean, modu horretan esleituko baitira, atzerapenik ez bada, 2026. urte hasieran.

Une horretan sinatuko dira Udalaren eta herritarren arteko alokairu kontratuak. "Kontratuaren titularra bizikidetza unitatea izango da", zehaztu du alkateak gaurko agerraldian, eta haren diru-sarrerak hartuko dira kontuan; zaintzailea profesionala bada, bere diru-sarrerak ez, "ulertzen delako bera langilea dela, hemen biziko dela lan kontuengatik".

Alokairu indizea
Bizikidetza unitate bakoitzak alokairuagatik ordaindu beharko duena alokairu indizeak zehaztuko du. Gogoan izan, Udalak eskatua diola udalerri hau tentsio handiko eremu izendatzea Eusko Jaurlaritzari. Eskaera kontuan hartu du Jaurlaritzak, "epe motzean aurreikusten dugu izendapen hori etortzea eta, beraz, izendapen horretatik eratortzen diren ondorio eta legeak aplikatuko ditugu. Horregatik, zenbateko hori finkatzerako orduan, alokatze indizeak markatuko du zenbatekoa".

Halere, argitu duenez, "hor badugu beste irizpide bat, eta da indize horrek gaindituko balu bertan biziko direnen diru-sarreren %30a, ordainduko luketen zenbatekoa %30a izango litzateke. Beraz, bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren eta errentaren arabera finkatuko da ere alokairua". Horrekin batera, kontsumo gastuak ordaindu beharko dira baita zaintza gastuak ere, 100 euroko kuoten bidez. Izan ere, "hemen egongo da erreferentziazko pertsona bat, bertan biziko diren pertsonei bizi-planak kudeatzen lagunduko diena. Pertsona hau ere gure zaintza ekosistemaren parte izango da, ditugun lantalde desberdinetan parte hartuko du. Komunitatearekin eta era berean, gure gizarte zerbitzuekin harremanetan egongo da".

Begirada bikoitza
Kontratuen iraupena bost urtekoa izango da, baina gero urtez urte berritzen joan ahalko da, "errenta legerian ezarritako epe mugak bete arte". Zaintza behar duen bizilaguna hilko balitz, "etxe hauek ez dira subrogatzen baina aukera emango genioke bizikideari denbora bat, etxetik atera eta beste zerbait aurkitu arte".

Horren harira, gogorarazi duenez, bai eduki zein diseinu aldetik, bizilekuok zaindu zein zaintzaileengan (afektibo zein profesionalengan) "jartzen dute begirada, biek bizitza autonomo bat eta ongizate maila bat izan ahal izateko", batzuengan zein besteengan bizi proiektu aldetik hausturarik ez eragiteko.

Izan ere, Solaberrietaren esanetan, "askotan gertatzen da gaur egun, etxean ezin zaindua izaten jarraitzea eta, beraz, egoitza batera joan behar izatea. Hor haustura bat egoten da bizikidetza unitatean. Etxebizitza eredu hau hori haustera dator".

Zaintza behar dutenak eta haien zaintzaileak elkarrekin bizitzen jarraitu ahalko dute bizilekuotan. "Hemen jaso dezakezu etxez etxeko zerbitzua, joan zaitezke Eguneko Zentrora... Egoitzarako sarbidea atzeratu nahiko genuke. Esaten denean begirada etxeetan daukagula begirada etxeetan daukagu, Txirikorda proiektua bada horren lekuko eta etxebizitza hauek ere bai".


Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak
Data esanguratsuak
-Uztailak 24: udalbatzaren osoko bilkura. Bertan, Egurtzegiko bizi osoko etxebizitzetara sartzeko irizpide eta baldintzei lotutako ordenantzaren hasierako onarpena bozkatuko dute.
-Hasieraz onartu ostean, jendaurreko epealdian jarriko dute.
-Iraila erdialdea: alegaziorik ez bada, aipatu udal ordenantza horri behin betiko onarpena ematea aurreikusia dute.
-Izen-ematea: iraila amaieran edo urria hasieran abiatzea aurreikusia dute. Izaera publikoko etxebizitzen gainerako esleipenetan bezalaxe, izen-emateen ostean, onarturiko eta bazterturiko eskaeren behin behineko zerrendak, gero haien alegazio tartea eta segidan, behin betiko zerrendak onartuko dira.
-Etxebizitza hauek esleituei emateko balizko data: 2025. urte amaiera-2026. urte hasiera.

Ezaugarriak
-Onuradunak:
1-1, 2 eta 3. graduko mendekotasuna duten eta 60 urte izatea edo betetzea eskaera egiten den urtean.
2- 1, 2 eta 3 graduko mendekotasuna izan eta %65eko desgaitasun aitortua duten 18-59 urte artekoak.
3-1, 2 eta 3 graduko mendekotasuna izan eta %75eko desgaitasun aitortua duten 18-59 urte artekoak.
-Lau etxebizitzetako bat, 18-59 urte artekoentzat gordetzea bermatu asmo dute. Halako eskaerarik ez balego, gainerako egoeran diren pertsonekin osatuko da.
-Errenta: bizikide guztien diru sarrerak hartuko dira kontuan errenta kalkulatzerakoan. Esleipendun bakoitzak ordaindu beharreko errentak ez du bizikidetza unitatearen sarreren %30a gaindituko. Kontsumo gastuak eta eremu komunetakoak errentarien kargu izango dira.
-Errolda: azken bi urteetan Usurbilen erroldatua egon edota azken 15 urteotan 8 urtez erroldatua egotea. Usurbil aldeko nahiz Donostia aldeko zubietar guztiek izango dute aukera esleipen deialdi honetan parte hartzekoa.
-Bizikidetza unitatea: gehienez 3 lagunekoak izango dira. Adinez nagusi diren kide guztiek titulartasun partekatua izango dute kontratuan. Zaintzaileek ez dute mendekotasun edo desgaitasun baldintzarik bete beharko.
-Alokairu kontratuaren iraupena: bost urtekoa izango da legeak finkatzen duen epealdia, urtero luzatu ahalko dena "harik eta alokairua, une bakoitzean indarrean dagoen errenta-legerian ezarritako gehiengo iraupena iritsi arte". Tarte horretan eta epealdi hori igarota ere, bertan bizi direnen egoerak zehaztuko du aurrera begirako bidea. Kontratuko epealdia amaitu eta luzapenik ez bada, maizterrak Udalaren esku jarriko du etxebizitza.
-Esleipen modua: udal gizarte zerbitzuen baremazio bidez erabakiko da. Kontuan hartuko dira eskatzaileen ordura arteko bizilekua, egoera pertsonala eta sozio-familiarra, parte hartze komunitarioa, mendekotasun maila, egoera ekonomikoa edota herrian duten errotzea. Etxerik esleitu ez zaien izena emandakoekin itxarote zerrenda osatuko da.