Bizi osorako etxebizitzak

Zaintzak bizi proiektuak ez haustea izango dute xede, Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzek

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 17a, 15:25

Iragan astean herritarrei bisita gidatu bidez erakutsi ostean, Matiak eta Usurbilgo Udalak hedabideen aurrean aurkeztu dituzte gaur, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak. Zaintza behar dutenak eta zaintzaileak elkarrekin bizitzen segitzeko aukera eskainiko dute bizilekuok, bizi proiektuetan zaintzak sortu ohi dituen hausturak saihesteko. Guztira, sei bizileku izango dira, lau usurbildarrentzat.

 

Bizi eta bizikidetza proiektuei erantzutea, zaintza beharrek bizi proiektuak ez haustea. Haiei, bai zaintza behar dutenen zein zaintzaileen bizi egitasmoei segida ematea bermatzea dute xede Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunean kokaturiko bizi osorako sei etxebizitzek.

Iragan astean, herritarrei bisita gidatu bidez aurkeztu ostean, ostegun honetan, uztailaren 17an, hedabideei aurkeztu dizkiete Matiak eta Udalak, bizilekuotan bertan eginiko agerraldi bidez. Usurbil herri zaintzaileagoa izateko bidean lankidetzan segitzen duten bi erakundeon arteko hitzarmenak ahalbidetu du, sei etxebizitza hauetatik lau usurbildarrentzat izatea.

Matiako ordezkari Maider Azurmendiren esanetan, "Usurbilgo herriak herri zaintzailea izateko ibilbide horretan, kateko katebetegi bat gehiago litzateke, aukera bat gehiago". Aukera berri bat; "ez dago esperientziarik eredu honetan".

Izan ere, oroitarazi duen moduan, zabalik eta beteak daude Ugartondoko Txirikorda belaunaldiarteko 16 etxebizitza komunitarioak. Handik hurbil da Egurtzegi, Foru Aldundiarekin hitzartutako zaintzadun etxebizitzetako 127 plazekin. Bertan kokatzen da baita Usurbilgo Eguneko Zentroa ere. Etorkizunean, aldaketarik ez bada 2026. urte hasieran eskaintza honen osagarri izango dira, bizi osorako sei etxebizitza hauek. Haietatik lau Usurbilgo Udalak alokatuko ditu usurbildarrei eskaintzeko.

"Erantzun berri bat ematera datoz"
Bizilekuok prebentzioa sustatu nahi dute, zaintza behar duten pertsonen nahiz haien zaintzaile afektibo edota profesionalen bizi proiektuetan hausturak izatea saihestea.

Izan ere, bizi esperantza luzatzen ari den honetan, zaintza beharrak ere iraupenez handitzen eta ugaritzen doaz. Orain arte izan ditugun alternatiba nagusiak, etxean bizitzen segi edota egoitzan sartzea izan dira. Baina "badakigu geroz eta egoera anitzagoak sortzen ari direla. Zahartzaroa geroz eta behar gehiago sortzen ari dela". Horregatik, Matiako ordezkariak nabarmendu duenez, "etxebizitza hauek erantzun berri bat ematera datoz".

Erantzun berri bat ematera datoz, irisgarriak ez diren etxebizitzetan bizi ez eta baldintza egokidun bizileku beharrean direnei, guneok komunitatearekin harremantzea zailtzen dietenei edota zaintzaileek haien jarduna egoki egitea bermatu ezin dutenei. "Haiei ere erantzuna ematen diete etxebizitza hauek eta hau gerta liteke adin tarte desberdinetan", Azurmendik gogorarazi duenez.

Zaintzadun etxebizitzak izango dira, Usurbilen zaintza ekosistema eraldatzeko egiten ari den bidearen baitan eskainiko diren baliabideen eskaintzan txertatuko dira. "Usurbilgo etxez etxeko zerbitzua, Eguneko Zentroa, laguntza pertsonalak, komunitate mailan sortzen diren ekimenak.... izango dira hemen, bertako bizilagunentzat" haien saretzerako. 

Bizi osorako etxebizitzotako bizilagunek "gizarte zerbitzuetako gizarte langile erreferenteak izango dituzte. Haiek izango dira bertako bizi proiektuok aurrera eramateko artikulazio lanetan laguntzaile eta berdin; herriko anbulategia izango da haientzat osasun erreferente".

Etxe tutelatuekiko desberdinak
Halako izaeradun etxebizitzak berriak izanik, Azurmendik etxe tutelatu gisa ezagutzen direnengandik desberdindu nahi izan ditu. "Etxe hauek etxebizitza tutelatuen eredua gainditzera datoz", argitu du Azurmendik gaurko agerraldian. Izan ere, azaldu duenez, menpekotasun egoerara igarotzen den pertsona baten bizilekua eskaintzari lotutako eskumena duena Foru Aldundia izan ohi da. Kasu honetan, udalak kudeatuko ditu aipatu sei etxebizitzetatik lau. Bigarren desberdintasuna, etxebizitza hauetan zaintza behar dutenak eta haien zaintzaileak elkarrekin bizi ahalko dira eta modu horretan, bai batzuei zein besteei mendekotasun egoera horretan izaten duten binomioa hautsiko zaie. Ohiko bizilekuan bizitzen segi edota egoitzara sartzeko alternatiben artean, aukera berri bat izango dute.