Baba beltz txikiari gorazarre egiten dion kofradia biltzekotan da urtero moduan, aurtengoan ere. Ohi bezala, abuztuko azken ostegunarekin batera elkartuko dira azken urteotan haien topaleku nagusian bilakatu duten Saizar sagardotegian. Bazkaritara eta haren osteko ospakizunera joan nahi duenak aurrez eman ahalko du izena, sagardotegira bertara deituta, 943 37 39 95 telefono zenbakira hain zuzen.
Hitzorduan, aipatu jakiari ematen diote protagonismo osoa baita haren sustatzaileei ere. Jateko, baba beltz txikia osagai nagusia duen otordua dastatzen dute. Bazkalostean, urteroko errituala bideratzen dute.
Izan ere, kofradekide berri bat izendatzen dute, hurrengo ediziokoa hautatu eta iragartzearekin batera. Izendapena bilguneak sortutako ereserkia abestu ostean, kapa beltzak eta txapelak egoki jantzita egiten dute. Lurra lantzeko tresnaren, laiaren laguntzaz zin egitea bideratzen dute.
BABA BELTX TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?
Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia!
Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!