Musika taldeentzat Haranen kokaturiko entsegu lokalen erabilerarako betebeharren, eskubideen eta funtzionamenduaren ordenantza onartu zuen hasieraz udalbatzak azaroaren 28an. Behin betiko onartutzat jo zuen Usurbilgo Udalak apirilaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi zuenez.
Erabiltzaileekin lankidetzan bideraturiko ordenantzak berak zehazten duen moduan, "Haranen 2 musika entsegu gela intsonorizatu daude". Aurrerantzean, "Usurbilgo Udalak urtero, irailean, gela bakoitzean 8 talderi baimenduko dio erabilera. Guztira, Haraneko entsegu gelak erabiltzeko baimena 16 taldek izango dute". Egutegia eskuartean, iraila heldu da eta aurreikusi moduan, erabilera hori baimentzeko lehen izen-emate deialdia plazaratu du Udalak, gaurtik irailaren 15etik 30era izango da. Interesdunek eskaera orriak bete beharko dituzte, usurbil.eus/eu/eskaera-orriak helbidean daudenak.
Udaletik jakinarazi dutenez, “erabiltzaileak baimentzeko irizpide batzuk finkatu dira, puntuazio sistema batekin: taldeak modu kolektiboan aztertuta esleituko dira puntuak. Puntuazioan taldekideen errolda, adina, lokalarekiko duten antzinatasuna eta generoa hartuko dira kontuan”.
Goizeko 8:00etatik gauerdira baliatu ahalko dira entseguetarako lokalok. Tarte horretatik kanpo, “sartu edo ateratzeko malgutasuna izango dute, baina soilik zama lanak edo antzekoak egiteko. Horrez gain, Haraneko futbol zelaiko jarduna ahalik eta gutxien oztopatzeko konpromisoa hartu beharko dute”. Horrez gain, “Udalak talde bakoitzari instalazioen bi giltza sorta utziko dizkio. Talde bakoitzak 60 euroko bermea jarri beharko du, gerora giltzak itzuliko dituztela bermatzeko”.
Hiruhilero bilduko den jarraipen batzorde bat ere osatuko dute taldeetako ordezkariekin, “lokalen erabilera aztertu eta, hala egokituz gero, neurri zuzentzaileak hartzeko”. Arau-hausteak ere zehaztuak ditu udal ordenantzak. “Arinak, larriak zein oso larriak izan daitezke. Hautsitako arauen arabera ezarriko da bat edo beste. Isun ekonomikoak zein lokalak erabiltzeko debekua ezarri ahal izango dira”.
Urtero
Hamasei talderentzako lekua egongo da Haranen. Eskaera kopuruak eskaintzarena gainditzen badu, itxaron zerrenda osatuko dute lokalik gabe geraturiko taldeekin. “Udalak, urtero, hamasei talderi emango die horiek erabiltzeko baimena, zortzi talde lokal bakoitzeko: horretarako, urtero, izen-ematea egingo da, irailaren bigarren hamabostaldian”.