Emakumeon Etxeak urritik otsailerako eskaintza plazaratu du

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 16a, 14:33

Urritik otsailera izango duen eskaintzaren berri eman du Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxeak.

Tailerrak, aholkularitza zerbitzuak, kultur ekitaldiak, aurkezpenak, jabetza eskolako ikastaroak... Hitzorduen eskaintza zabala programatu du Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxeak. Urritik otsailerako eskaintza ezagutarazi du. Informazio osoa eskuorri batean bildu du Usurbilgo Udalak eta jakinarazi dutenez, gaur goizean hasi dira banatzen etxez etxe.

Hitzordu sorta horren artean, aurrez eskaini izan direnak aurki ditzakegu. "Lehendik egin izan diren ikastaroen artean, lauhileko honetan ere eskainiko dira batukada feminista, biodantza ikastaroa, zoru pelbikoarena zein aholkularitza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa eta psikosoziala. Emakumeon Topaketa ere iragarri dute: urriaren 18an izango da, goizez, baina aurrerago emango da egitarauaren berri".

Horiez gain, nobedadeak ere izango dira; "jabekuntza eskolak twerk saioa eta hilekoari buruzko ikastaroa dakartza. Horrez gain, besteak beste, Nahia Alkortak Mi parto robado liburua aurkeztuko du, Irule Abokatuak taldeak hitzaldi bat eskainiko du familia eredu berri eta lege-marko zaharren inguruan eta Infinitudrama konpainiak Promesa berdina egin diegu lagun guztiei lana aurkeztuko du", Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez.

Antolatu dituzten hitzorduen artean, badira nabarmendu beharrekoak, jabetze eskolako ikastaroak hain zuzen. Izan ere, irailaren 17tik 30era eman ahalko da izena saio horietan.

Jabetza eskolako ikastaroak
Zoru pelbikoa:
Noiz: Urriaren 2tik abenduaren 4ra, ostegunetan, 17:00-19:00 artean.
Formatzailea: Eneritz Gallastegi Lazkano.
Zehaztasunak: "Emakumeok, bizitzan zehar, gure zoru pelbikoan eta gure ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi ditugu; erditzea, hormona gorabeherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea... Garrantzitsua da gune horretako muskulazioa prestatzea eta ikastaro honek osasunarentzat hain garrantzitsua den arlo hau sentitzen, ulertzen eta hobetzen lagunduko digu".

Batukada feminista
Formatzaileak: Arantza Albizu Escobar eta Ainara Sarasketa Alberdi.
Noiz: urriaren 6tik urtarrilaren 26ra, bi astean behin, astelehenetan, 18:00-20:00 artean.
Zehaztasunak: "Musikara gerturatu eta ondo pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde-lanean aritzeko, sormena landu eta autoestimua igotzeko. Denok garelako musika egiteko gai, baita gauza berriak sortzeko ere. Irudimena landu eta besteak entzuten ikasteko. Emakumeok kalera irten eta espazioak okupatu bitartean jendeari gozarazteko".

Biodantza
Formatzailea: Eider Zuriarrain Bergara.
Noiz: urriaren 7tik 27ra, astearteetan, 17:30-19:00 artean.
Zehaztasunak: "Biodantza, musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Modu honetan, bakoitzak bere pentsamendu, sentimendu eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Tratu onak ematen dira norberarentzat, besteentzat eta inguruan ere. Besteekiko enpatia garatzen da eta afektuan oinarritutako harremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar".

Emakumea eta hilekoa
Formatzailea: Ainitze Sala Insausti.
Noiz: urriak 4, azaroak 15 eta abenduak 13, larunbatak, 10:00-12:00 artean.
Zehaztasunak: "Ikastaro hau autoezagutzarako formakuntza izango da. Emakumea eta hilekoa ilargi eta urtaroekin uztartuz ulertuko dugu eta ondoezak zaintzeko zein sendabelar diren egokiak ikasiko dugu. Zikloaren gorabeherak ere nola zaindu ikusiko dugu, elikaduraren bidez, enplastoak, baporeak, mugimenduak... Eta, bukatzeko, emakumea eta heldutasuna landuko dugu, menopausia garaian ematen diren aldaketei arreta jarriz".

Twerk (Booty Dance) saioa
Formatzailea: Ikerne Mendieta Uskola.
Noiz: urriak 12, igandea, 10:30-14:30 artean.
Zehaztasunak: "mendeetan zehar emakumeen gorputzak, uteroak eta aldakak atrofiatu dituen gizarte gaixo batek sortutako gaitzak pairatzen ditugu oraindik. Gorputzetik osotasunez eta zintzotasunez jarduteko behar horretatik sortzen da mugitzeko proposamen hau. Gorputz zapalduen, estigmatizatuen, epaituen, zaurituen, desbalorizatuen, ezezagunen, eta berezko gaitasun eta indarretik deskonektatuen sendabide eta askapen gisa hain zuzen ere. Utero eta aldaken mugimendu naturala, sentsualitatea eta norbere gorputzarekin jolastuz gozatzeko gaitasuna berreskuratzeko. Mugimendua osasun eta plazer iturri bizitzeko".


Ekitaldiak
Urriak 18, larunbata
Emakumeon Topaketa.

Urriak 23, osteguna
18:00 "Mi parto robado" liburuaren aurkezpena eta solasaldia.

Azaroak 6, osteguna
17:00-19:00 "Hilekoa pubertaroan" tailerra.
Hizlaria: Ainitze Sala Insausti.

Azaroak 20, osteguna
17:30 Hitzaldia: "Familia eredu berriak eta legedi zaharra, nola uztartzen da hau?".
Hizlaria: Irule Abokatuak taldea.

Urtarrilak 24, larunbata
19:00 "Promesa berdina egin diegu lagun guztiei" Infinitudrama konpainiaren emanaldia.

Zerbitzuak
-Liburutegi feminista.
-Aholkularitza juridiko eta psikosoziala:

Zerbitzu egunak: irailak 17, urriak 15, azaroak 12 eta abenduak 1.
Ordutegia: 15:00-18:00.
-Aholkularitza psikologikoa:

Zerbitzu egunak: irailak 22, urriak 13 eta 27, azaroak 10 eta 24 eta abenduak 15.
Ordutegia: 15:00-19:00.

Zerbitzuon hitzordua eskatzeko:
943 377 112
emakumeonetxea@usurbil.eus

Informazio gehiago, hemen: usurbil.eus
Antolatzailea: Emakumeon Etxea.