Zaintza behar dutenak eta haien zaintzaileak (afektiboak edota profesionalak) elkarrekin bizitzea ahalbidetuko dute Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzek. Guztira, gisa horretako sei bizileku ditu Matiak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrian. Haietatik lau alokairuan hartuak ditu Udalak Usurbilgo herritarrei eskaintzeko.
Bizilekuotara sartzeko baldintzei lotutako ordenantza onartu zuen udalbatzak hasieraz uztailaren 24ko osoko bilkuran. Gerora, alegazio epealdian halakorik egon ez denez, berriki behin betiko onartua geratu zen, Udalak irailaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi zuen moduan.
Hurrengo urratsa emango dute orain, urriaren 6tik 25era finkatu du Udalak etxebizitza horiek baliatzeko interesa dutenentzako izen-emateko epealdia. Argibide gehiago behar dituenak, uztailean egin bezalaxe, beste bisita gidatu bat antolatu du Udalak urriaren 2an arratsaldeko 18:00etan. Egurtzegin bertan, igogailuko pasarelaren hasieran finkatu dute biltzeko hitzordua. Beharrezko azalpenak eman eta bizilekuok barrutik ezagutzeko aukera egongo da.
Zainduak eta zaintzaileak elkarrekin bizitzeko
Gogoan izan, uztailaren 10eko bisita gidatuan Usurbilgo Udalak eta Matiak azaldu bezalaxe, zainduak izan behar dutenei nahiz haren zaintzaile afektibo zein profesionalei elkarrekin bizitzen segitzeko aukera eskainiko zaie, horretarako egokitu dituzten "bizi osorako" deituriko sei etxebizitzetan.
Matiaren jabetzakoak dira sei etxebizitzok baina haietatik lau Usurbilgo Udalak alokairuan hartu ditu Usurbilgo herritarrentzat, biek (Matiak eta Udalak) izenpeturiko hitzarmenari esker. Ondorioz, Udalak kudeatuko ditu lau etxebizitza horiek, lerrootan mintzagai dugun ordenantzaren bidez.
"Usurbilgo herriak herri zaintzailea izateko ibilbide horretan, kateko katebetegi bat gehiago litzateke, aukera bat gehiago", azaldu zuten Matiak eta Udalak uztailean eginiko agerraldian. Hala, "Usurbilgo etxez etxeko zerbitzua, Eguneko Zentroa, laguntza pertsonalak, komunitate mailan sortzen diren ekimenak.... izango dira hemen, bertako bizilagunentzat" haien saretzerako.
Zaintzadun etxebizitzak izango dira. Bizi osorako etxebizitzotako bizilagunek "gizarte zerbitzuetako gizarte langile erreferenteak izango dituzte. Haiek izango dira bertako bizi proiektuok aurrera eramateko artikulazio lanetan laguntzaile eta berdin; herriko anbulategia izango da haientzat osasun erreferente".
2026. urte hasieran esleitu asmo dituzte etxebizitzok.
Alokairu indizea
Bizikidetza unitate bakoitzak alokairuagatik ordaindu beharko duena alokairu indizeak zehaztuko du. Gogoan izan, udalerri hau tentsio handiko eremu izendatu berri du Eusko Jaurlaritzak. "Izendapen horretatik eratortzen diren ondorio eta legeak aplikatuko ditugu. Horregatik, zenbateko hori finkatzerako orduan, alokatze indizeak markatuko du zenbatekoa".
Halere, argitua duenez, "hor badugu beste irizpide bat, eta da indize horrek gaindituko balu bertan biziko direnen diru-sarreren %30a, ordainduko luketen zenbatekoa %30a izango litzateke. Beraz, bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren eta errentaren arabera finkatuko da ere alokairua". Horrekin batera, kontsumo gastuak ordaindu beharko dira baita zaintza gastuak ere, 100 euroko kuoten bidez. Izan ere, "hemen egongo da erreferentziazko pertsona bat, bertan biziko diren pertsonei bizi-planak kudeatzen lagunduko diena. Pertsona hau ere gure zaintza ekosistemaren parte izango da, ditugun lantalde desberdinetan parte hartuko du. Komunitatearekin eta era berean, gure gizarte zerbitzuekin harremanetan egongo da".
Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak
-Jabea: Matia.
-Kopurua: 6.
-Udalak alokatuak: sei etxebizitzetatik lau Usurbilgo herritarrentzat. Udalak alokairuan emango dizkie herritarrei.
-Etxebizitzon ezaugarriak: bi logela, bat zaintza behar duenarentzat, bestea zaintzailearentzat. Logela bakoitzak komun bana barruan. Horrez gain, sukaldea, egongela eta terraza.
-Hornidura: sukaldea eta komuna hornituak izango dituzte. Gainerakoan, bizikideek hornitu ahalko dute.
Data esanguratsuak
-Uztailak 24: udalbatzaren osoko bilkura. Bertan, Egurtzegiko bizi osoko etxebizitzetara sartzeko irizpide eta baldintzei lotutako ordenantza hasieraz onartu zuten.
-Hasieraz onartu ostean, abuztuaren 2an jendaurreko epealdian jarri zuten hilabetez.
-Irailak 8: aipatu udal ordenantza behin betiko onartu du Udalak.
-Izen-ematea: urriaren 6tik 25era. Izaera publikoko etxebizitzen gainerako esleipenetan bezalaxe, izen-emateen ostean, onarturiko eta bazterturiko eskaeren behin behineko zerrendak, gero haien alegazio tartea eta segidan, behin betiko zerrendak onartuko dira.
-Etxebizitza hauek esleituei emateko balizko data: 2025. urte amaiera-2026. urte hasiera.
Ezaugarriak
-Onuradunak:
1-1, 2 eta 3. graduko mendekotasuna duten eta 60 urte izatea edo betetzea eskaera egiten den urtean.
2- 1, 2 eta 3 graduko mendekotasuna izan eta %65eko desgaitasun aitortua duten 18-59 urte artekoak.
3-1, 2 eta 3 graduko mendekotasuna izan eta %75eko desgaitasun aitortua duten 18-59 urte artekoak.
-Lau etxebizitzetako bat, 18-59 urte artekoentzat gordetzea bermatu asmo dute. Halako eskaerarik ez balego, gainerako egoeran diren pertsonekin osatuko da.
-Errenta: bizikide guztien diru sarrerak hartuko dira kontuan errenta kalkulatzerakoan. Esleipendun bakoitzak ordaindu beharreko errentak ez du bizikidetza unitatearen sarreren %30a gaindituko. Kontsumo gastuak eta eremu komunetakoak errentarien kargu izango dira.
-Errolda: azken bi urteetan Usurbilen erroldatua egon edota azken 15 urteotan 8 urtez erroldatua egotea. Usurbil aldeko nahiz Donostia aldeko zubietar guztiek izango dute aukera esleipen deialdi honetan parte hartzekoa.
-Bizikidetza unitatea: gehienez 3 lagunekoak izango dira. Adinez nagusi diren kide guztiek titulartasun partekatua izango dute kontratuan. Zaintzaileek ez dute mendekotasun edo desgaitasun baldintzarik bete beharko.
-Alokairu kontratuaren iraupena: bost urtekoa izango da legeak finkatzen duen epealdia, urtero luzatu ahalko dena "harik eta alokairua, une bakoitzean indarrean dagoen errenta-legerian ezarritako gehiengo iraupena iritsi arte". Tarte horretan eta epealdi hori igarota ere, bertan bizi direnen egoerak zehaztuko du aurrera begirako bidea. Kontratuko epealdia amaitu eta luzapenik ez bada, maizterrak Udalaren esku jarriko du etxebizitza.
-Esleipen modua: udal gizarte zerbitzuen baremazio bidez erabakiko da. Kontuan hartuko dira eskatzaileen ordura arteko bizilekua, egoera pertsonala eta sozio-familiarra, parte hartze komunitarioa, mendekotasun maila, egoera ekonomikoa edota herrian duten errotzea. Etxerik esleitu ez zaien izena emandakoekin itxarote zerrenda osatuko da.