Kalezarkoa, erromeriaren plaza gisa sendotzeko bidean, beste mugarri garrantzitsu baten berri eman du bertako Belmonte Auzo Elkarteak. Izan ere, trikiti jaialdi berria, aurtengoan bigarrena, iragarri dute azaroaren lehen egunerako.
Estreinako edizioa, maiatzaren 17an antolatu zuten. Giro ederra eta plaza bete jende izan zuen Sagardo Egunaren bezperako hitzordu hark. Esperientzia errepikatzeko asmoa agertu zuten orduan antolatzaileek. Halako egun gehiago aurten izango genituela jakinarazi zuten eta orain, iragarritakoa betetzera doaz. Udaberriko jaialdiaren ostean, udazkeneko edizioa prestatzen ari dira, aipatu moduan, azaroaren 1ean egingo dena Kalezarko plazan.
Oraingo honek, ordea, baditu beste berezitasun batzuk ere. Egun osoko jaialdia izango da, Kalezartik herri erdigunera hedatuko dute eta trikitixa eta dantza uztartuko ditu. Izan ere, Belmonte Auzo Elkartearekin batera, Orbeldi dantza taldeak ere bat egin du egun horrekin. Hala, goizean zehar, dantza taldeen topaketa eta kalejira antolatu dute herri erdigunean, bazkari herrikoia segidan. Eta, azkenik, aipaturiko erromeria arratsaldea Kalezarren. Hemen duzue, antolatzaileek helarazitako egitaraua:
Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta!
Azaroak 1, larunbata
10:00 Dantza taldeei harrera Potxoenean.
11:00 Argazki ofiziala eta kalejiraren hasiera udaletxetik.
12:45 Emanaldi nagusia Mikel Laboa plazan (euriarekin Agerialdeko frontoian). Parte hartzaileak: Oiartzungo Olarri, Iruña Dantza Taldea eta Orbeldi.
14:30 Bazkari herrikoia. Orbeldiko kideek eta Kalezarkoek lehentasuna izango dute.
17:30-19:30 Kalezarko plazan: Elizagoien ahizpak; Estanga anai arrebak; Eneko Dorronsoro eta Izer; Kris Solano, Irma eta Amets.
Antolatzaileak: Orbeldi dantza taldea, Belmonte Auzo Elkartea eta Usurbilgo Udala.
