Emakumeon Etxea, herriko emakumeen elkargunea gaurkoan

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 18a, 11:17

Emakumeen topaketa egin dute larunbat goiz honetan, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean.

 

Egunerokoan halakoxea den arren, gaur oraindik are gehiago. Hizki larriz idatzitako elkargunea izan da gaurkoan, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxea. Izan ere, herriko emakumeen topaketa egin dute larunbat goiz honetan, urriaren 18an.

Idoia Torregarai Martija herrikideak umore bikainez giroturiko gosariarekin ekin diote, elkartzeaz gain, eremuaz hitz egitea, ezagutaraztea xede zuen hitzorduak. Izan ere, antolatzaileek aurrez iragarri moduan, Usurbilgo emakumeontzako topalekua izan nahi zuen goiz pasak, "elkar ezagutzan sakondu eta sareak josteko".

Baina horrez gain, Emakumeon Etxearen ezagutzan sakontzea sustatu nahi zuen hitzorduak. Hala, orain arte eginiko dinamiken balantzeaz aritzeko tartea hartu dute. Taldea sustatzaileak ere bere azapenak eta bizipenak partekatu ditu. Asteotan izango diren deialdien berri eman eta hurrengo 2026tik aurrerako proposamenak biltzeko ere baliatu nahi zuten gaurko topaketa. Guztia, Idoia Torregarai herrikidearen umorea bidelagun zutela osatu dute, goizeko 10:00ak pasatxoan hasi eta eguerdira arte luzaturiko topaketa.

Adi, Emakumeon Etxeko hurrengo ekintza ostegunerako iragarri dute, urriaren 23rako:

Emakumeon Etxeko datozen ekintzak
Urriak 23, osteguna
18:00 "Mi parto robado" liburuaren aurkezpena eta solasaldia.
Zehaztasunak: “Nahia Alkorta Elezgaraik idatzitako “Mi parto robado” liburuaren aurkezpena eta gaiaren inguruko solasaldi musikatua. Egilea bertan izango da, Joana Auzokoa Larrea eta Agurne Alkorta Balbas usurbildarrek lagunduta”.

Azaroak 6, osteguna
17:00-19:00 "Hilekoa pubertaroan" tailerra.
Hizlaria: Ainitze Sala Insausti.

Azaroak 20, osteguna
17:30 Hitzaldia: "Familia eredu berriak eta legedi zaharra, nola uztartzen da hau?".
Hizlaria: Irule Abokatuak taldea.

Urtarrilak 24, larunbata
19:00 "Promesa berdina egin diegu lagun guztiei" Infinitudrama konpainiaren emanaldia.

Zerbitzuak
-Liburutegi feminista.
-Aholkularitza juridiko eta psikosoziala:

Zerbitzu egunak: irailak 17, urriak 15, azaroak 12 eta abenduak 1.
Ordutegia: 15:00-18:00.
-Aholkularitza psikologikoa:

Zerbitzu egunak: irailak 22, urriak 13 eta 27, azaroak 10 eta 24 eta abenduak 15.
Ordutegia: 15:00-19:00.

Zerbitzuon hitzordua eskatzeko:
943 377 112
emakumeonetxea@usurbil.eus

Informazio gehiago, hemen: usurbil.eus
Antolatzailea: Emakumeon Etxea.