Segidan duzue bisita gidatu horretako irudi bilduma. Hitzordu hau, Europako Ondarearen Jardunaldien baitan egin da. Ekimenaren hamargarren edizioa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eragile gehiagorekin lankidetzan herrialde mailan, urria eta azaroa parterako. Aurtengoan, arkitektura izango du ziklo horrek. 123 ekintza programatu dituzte guztira 37 udalerrietan. Haietatik hiru, aipatu moduan, Usurbilen, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eskutik. Bertso-ibilaldia, Salbatore Eliza, bertako ondarea ezagutzeko bisita gidatua organo erakustaldiarekin eta 1936ko "Gerraren Memoria Ibilbidea" izenekoa ere osatzeko aukera izango da.
Igande honetako bertso-ibilaldia izan da ziklo horretako lehen ekimena, Ugarte baserritik abiaturikoa, bdelagun ezagunekin; batetik, Jakoba Errekondo paisajistaren azalpenek eta punta-puntako bi bertsolarik, Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak bertsoekin girotu dute bidea. Errekondo sagardoaren ekoizpenak historian zehar eraikuntzetan eta paisaian izandako eraginaz eta bilakaeraz mintzatu da. Haren gainean aritu dira bertsotan Lujanbio eta Egaña.
Egiluze baserria izan du helmuga ibilaldiak. Bertako etxekoek eskuzabaltasun handiz zabaldu dute haien bizilekua. Bertako dolarea ezagutzeko aukera izan da baita sagar jotzea zuzenean ikusteko aukera ere. Antolatzaileek azaldu moduan, sagar jotzerako baliaturiko sagarra biltzen aritu direnak ere bertan ziren; Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideak hain zuzen.
Europako Ondarearen Jardunaldien baitan eginda bisita gidatu hau, hurrengoa ere hala izango da.
Asteburu honetatik aurrera, beste hainbat bisita gidatu antolatu ditu 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Abendura arteko programazioa plazaratua du.
650 Usurbil Bizi: bisita gidatuak
Urriak 25, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea eta organo erakustaldia.
Urriak 29, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Urriak 31, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Azaroak 8, larunbata
11:00-12:15 Gerraren memoria ibilbidea bisita gidatua.
Azaroak 9, igandea
11:00-13:15 Museo Irekia eta Zumeta Estudiora bisita gidatua.
Azaroak 22, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea eta organo erakustaldia (erdaraz).
Azaroak 26, asteazkena
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Abenduak 8, astelehena
11:00-12:15 Museo Irekia bisita gidatua.
Abenduak 19, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Abenduak 20, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea bisita gidatua.
Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus