Udaberriko Trikiti Festatik dator udazkeneko Topafesta. Maiatzeko jaialdiaz zer balorazio egin zenuten?
Apustu bat izan zen, ez genekiena nola aterako zen. Gogo eta ilusio handia jarri genuen egun horren antolaketan. Urduri ginen nola erantzungo zuen herriak. Baina eguraldia eta Usurbildik bakarrik ez, Oñati edota Elorriotik ere etorri zirela ikusita, oso harrera ona izan zuen. Auzo elkartearen helburu nagusia auzoa berpiztea, auzo giroa bizirik mantentzea da. Maiatzeko festa horretan helburua guztiz bete genuen. Udaberrikoa Zumartekoekin antolatu genuen. Udazkenekoa Orbeldikoekin atera da aurrera. Erromeria giroan murgiltzeko gogotsu gaude berriz.
Gazte asko erakarri zituen udaberrikoak.
Izan dira urte batzuk erromeriak ez duena izan protagonismo handia, baina zorionez hau aldatzen ari da. Geroz eta gazte jende gehiago ikusten da eta hori oso pozgarria da. Halako ekimenak antolatzen jarraitzeko indarra ematen du.
Tradizioa sortzeko bidean zoazte?
Udaberriko jaialdia gogotsu bukatu genuen, udazkenekora ere gogotsu gatoz. Auzotarrek parte hartzen dute antolaketan, horrek ere auzoa egiten du. Ikusi beharko dugu auzo elkartean halere, zer balorazio egiten den indarrei dagokienean.
Oraingo edizio honek trikitia eta dantza, erromeriaren osagai nagusiak uztartuko ditu.
Ziortzaren 40. urtemuga jaialdiko bazkarian hasi ginen bi eragileok hitz egiten eta forma ematen. Bi eragileon arteko ekimena da hau. Izena ere hortik dator. Udaberriko edizioari erromeri festa deitu genion eta, oraingoan, Orbeldiren dantzarien topaketa eta Belmonteren erromeria festa kontuan izanda, Topafesta.
Aldez aurretik, larunbat honetan, dantza taldeak urte askoz gehiago izan arren, hamargarrena ospatzera doa Orbeldi. Zergatik?
Lehen, Usurbilgo Dantza Taldea zen. Orbeldi dantza taldea elkarte bezala eta izen horrekin 2015ean erregistratu zen. Elkarte gisa erregistratzerakoan, herriko toki izenen proposamen bilketa egin zen. Hortik dator Orbeldiren izena. Horren hamargarren urtemuga ospatuko dugu larunbatean. Ez da dantza emanaldi formalik egongo, azaroaren 1erako utziko dugu hori. Guretzako festa egun bat izango da, dantzari ohiak, egungoak, dantzaren bueltan ibilitakoak, biltzeko eguna. Animatu!
Azaroaren 1eko hitzordura itzulita, eguraldiak ez du baldintzatuko jaialdia.
Data aldetik udaberriko jaialdia atzeratzeko aukera bagenuen, baina udazkenekoa ez. Horregatik, udal dirulaguntzen aurreikuspenetan kontuan hartu genuen faktore hori. Horri esker, eguraldi onarekin Kalezarko plazan egingo da. Euria egingo balu, karpa jarriko dugu Pelaioenea bestaldeko plazan. Festa egingo dela seguru gara. Jaietan izaten dugun antzeko txozna jarriko da. Edizio honen berezitasuna da, auzo bazkaria egingo dela Orbeldiko kideekin. Auzo elkarteak nahi du auzotarrak erakartzea. Erromeria bi ordu pasatxokoa izango da.
Bi eragileon arteko lankidetza halere, ez da kontu berria.
Kalezarrek festetan beti izan ditu umeen dantza emanaldiak, sokadantza ere bai auzokideak omentzeko. Bi eragileok eskutik helduta egon dira, Orbeldiko kide izan dira kalezartar asko ere. Zergatik ez, orain beste egun bat antolatu?
Nola hasi duzue ikasturtea?
Belmonte Auzo elkarteak urtea bi etapetan antolatzen du; uda aurretiko eta uda ostekoarekin. Eskaturiko udal dirulaguntzen baitan egiten dugu planifikazioa. Haurrekin hasten gara, gaztain festa antolatua dugu, gabonen bueltan Ixabel Agirresaroberekin antzerki tailerra egingo dugu. Auzo elkartearen helburua ere bada, Pelaioenea astean zehar irekita izatea, animatzen diren auzotar horientzat. Egun pare bat ditugu, astearte eta ostegunetan, eskulan tailerrak antolatzeko. Orbeldiri dagokionean, urrian hasi gara talde guztiekin martxan. Izen-ematea, beste behin, arrakastatsua izan da. Iaz baino jende gehiagok eman du izena. Dantzari gazteenak sei urte izango ditu, helduenak 70 urte ingurukoak dira. Asteburuotako ekimenetan zentratuak gaude eta inauterietan pentsatzen. Herri inauteriak antolatzeko lehen bilera deitu genuen iragan astean. Gure helburua da, eragileen arteko lankidetzatik zerbait egitea. Edonor gonbidatua dago, egun hau antolatzera. Inork kontaktatu nahi badu orbeldi.udt@gmail.com helbidera idatzi dezake.
Eragileen arteko lankidetza sustatzearen garrantzia azaleratu duzue. Zergatik?
Egun oso bateko jaialdi bat antolatzeak izugarrizko ardura du. Elkarlanean antolatzen baditugu errazagoa da dena. Usurbilen hainbeste eragile egonik, eragileen arteko elkarlana sustatzea garrantzitsua da. Indarrak metatzen baditugu eragileen artean, jende gehiagorengana iritsiko gara, eraginkortu dezake antolaketa lana. Ildo horretan, azaroaren 1eko Artisau Azokako antolatzaileekin hitz egina dago zer egingo dugun. Bestalde, Manex Torrealdai eskertu nahi dugu antolaketan eskainitako laguntzagatik.
Bukatzeko gonbita. Nori, zergatik, zertarako?
Animatu auzotarrok! Herritar nahiz bisitariek aitzakia ona izango dute Kalezarrera etortzeko.
Azaroak 1, larunbata
Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta!
10:00 Dantza taldeei harrera Potxoenean.
11:00 Argazki ofiziala eta kalejiraren hasiera udaletxetik.
12:45 Emanaldi nagusia Mikel Laboa plazan (euriarekin Agerialdeko frontoian). Parte hartzaileak: Oiartzungo Olarri, Iruña Dantza Taldea eta Orbeldi.
14:30 Bazkari herrikoia.
17:30-19:30 Kalezarko plazan: Elizagoien ahizpak; Estanga anai arrebak; Eneko Dorronsoro eta Izer; Kris Solano, Irma eta Amets.
Antolatzaileak: Orbeldi D.T., Belmonte Auzo Elkartea eta Usurbilgo Udala.