Nola sortu zen antzerki tailerra emateko ideia?
Ni orain Kalezarren bizi naiz, eta auzo elkarteko parte naiz. Urte guztiko egitaraua osatzeko hasi ginen ideiak botatzen, eta nik hauxe proposatu nuen. Auzo honetan ikastaroak antolatzen ditugunean, auzotarrei lehentasuna ematen saiatzen gara auzoa biziberritzeko asmoarekin. Aspaldi, antzerki eskolak ematen nituen Usurbilen, baina hura bukatu zen. Horregatik, antzerki gogoa berpiztu nahi dut berriro ere.
Nori bideratuta dago?
Lau eguneko tailerra izango denez, ez da asko sakonduko. Beraz, zalestasuna daukanarentzat izango da. Oso irekia da ikastaroa. 8-12 urte bitartekoen talde bat osatu nahiko nuke. 18 urte ingurukoak animatzea ere gustatuko litzaidake, baina ilusio gehiena egingo lidakeena jende heldua apuntatzea litzateke. Dena den, lehenengo deialdia 8-12 urte bitarteko haurrentzat izango da.
Indarra dauka antzerkiak Usurbilen?
Antzerki saioak antolatzen direnean jendea ikustera joaten da, baina ikastaroak eman ditugunetan oso talde txikiak sortu dira. Hemen, Kalezarren, antzerki ibiltari bat egin genuen auzoaren izena nondik zetorren azaltzeko, eta auzoko jendeak parte hartzea nahi genuen. Jendea bildu genuen, eta ia herri guztia etorri zen ikustera. Baina gero antzerki ikastaro baten deialdia zabaltzen da, eta denak atzera botatzen dira.
Nola animatuko zenuke jendea ikastaroan parte hartzera?
Bakoitzak daukagun sormen hori badagoela moduren batean partekatzea, eta taldean funtzionatzea besteei ondo pasarazteko. Bakoitzak bere gauzak modu egokian egiteko tokia dela. Askotan iruditzen zaigu onak izan behar dugula antzerkian besteen aurrean egin ahal izateko, eta justu kontrako da: disfrutatzera etorri eta zure sormena sustatzeko asmoarekin dela.
Gau Beltzaren harira, ipuin kontaketa saio ugari izaten dira egun horretan Euskal Herriko txokoetan, ezta?
Bai, eta ni pozik nago. Lana edukitzeaz gain, esan nahi du ohitura bat sortu dela. Galduta zegoen ohitura zahar bat berreskuratu da. Kanpotik etorritakoarekin ez geunden konforme, eta orain, leku askotan ipuin kontalari baten presentzia dago.