Bi hitzetan laburbiltzekotan, kabitu ezinik. Ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, txiki geratu da, azaroaren lehen egun honetan ospaturiko Udazkeneko Dantzari eta Trikiti Topafesta borobiltzeko Kalezarko Belmonte Auzo Elkarteak auzoan bertan antolaturiko erromeria.
Kalezartarrak eta herrikideak bai, baina bisitariz ere josi da Kalezarko plaza. Aristerrazuren gisako dantzalekuetan biltzen den komunitateak Kalezarko hitzorduan parte hartu du hutsik egin gabe, eta nola gainera. Gogotik egin dute dantza, bizi asko, bidelagun izan dituzten musikariokin: Elizagoien ahizpak; Estanga anai arrebak; Eneko Dorronsoro eta Izer; Kris Solano, Irma eta Amets.
Euritan joan da erromeria arratsalde eta iluntze partea Kalezarren. Gerta zitekeenerako prest ziren, ordea, Belmonte Auzo Elkartekoak eta euriagatik gaurko hitzordua atzeratzeko zailtasunak izango zituztela, eragozpenak saihestearren, karpa gunea egokitu dute bertan.
Bazkaritarako bildu dira lehenbizi. Bertan elkartu dira gaurko jaialdiaren antolakuntzan bat egin duten bi eragileetako ordezkariak, Orbeldi Dantza Taldekoak eta Belmonte Auzo Elkartekoak eta haiekin dantzarien topaketako parte hartzaileak eta kide gehiago baita, kalezartar zein herrikideak ere. Jantokia izan dena eguerdian, arratsaldean dantzaleku bizian bilakarazi dute.