"Familia eredu berriak eta legedi zaharra" hizpide duen hitzaldia ostegunean

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 18a

Garazi Plazaola Ugarte (1989, Legazpi) Irule Abokatuak kooperatibako kideetako bat da. Bikote harremanetan juridikoki babesteko neurriak hartu behar direla uste du, eta horregatik, hitzaldi bat emango du ostegunean, azaroaren 20an, 17:30ean Kalezarko Pelaioeneako Emakumeon Etxean.

"Familia eredu berriak eta legedi zaharra" hitzaldia eskainiko duzu Pelaioenean. Zertan datza?
Emakumeei bideratutako hitzaldi bat da. Helburua ez da lege erregulazioa begiratzea zehatz-mehatz. Gure esperientziatik sortzen da, kasu askotan, harremanak amaitzean bai gatazkan bukatzen direnean, bai gure inguruan ikusitakoarekin, ezezagutza nagusi dela ikusi dugu. Bikote harremanetan edo elkarbizitza harremanetan elkartzen gara, eta ez diegu atentzioa jartzen hor sortzen diren betebehar eta eskubideei. Hartzen goazen erabakiek eragina dute bai momentuan, baita etorkizunean ere. Ezezagutza horretatik askotan emakumeak kaltetuak izaten dira. Horregatik, interesgarria iruditzen zitzaigun espazio hori sortzea emakumeek egoera ezberdinak elkarbanatzeko, gako batzuk eman zein gaietan jarri behar dugun arreta eta jakin nola funtzionatzen duten. Horrela, gatazka iritsi aurretik kontzienteki erabakiak hartzeko, eta bakoitzaren burua eta familiarena babesteko.

Zein izan daitezke ezezagutzatik hartutako erabaki horien ondorioak?
Ezezagutza handia dago zein eraentza edo erregimen ekonomikotan dauden; edo zein desberdintasun dagoen ezkontza eta izatezko bikote izatearen artean; edo zer gertatzen den horietako bat bera ere ez badugu hautatzen. Horiek harremaneko arlo ekonomikoan eragingo dute. Eta etorkizunean, eraentza edo erregimen bat izateak ala besteak alargun pentsioa izateko eskubidean eragin dezake, zaintza lanak konpentsatzeko sistema ere aldatzen da. Horrelako gauzetan eragin dezake. Dibortzio prozesua hasten denean jarraitu beharreko prozesua azaltzen dugu ere, besteak beste.

Familia eredu berriez ari zarenean, zertaz ari zara?
Horrekin adierazi nahi genuena da, kode zibilak gehienok eduki dezakegun familia eredu super tradizional hori hartzen duela, non emakumeak etxeko lanak egiten dituen, gizona den etxetik kanpo lan egiten duena eta umeak dituena. Errealitate hori aldatzen doa, eta gauzak ez dira molde horretan bakarrik sartzen. Gainera, hor ere sartu daitezke familia guraso bakarrekoak nola erregulatzen diren, zer eskubide dituzten, edo seme-alabak daudenean bikote tradizionaletik kanpo, hor zein zailtasun dauden ere kontuan izan behar da kode zibilak ez duelako aukera askorik ematen horien eskubideak bermatzeko. Gabezia horietaz hausnartzeko tartea ere egongo da hitzaldian. Orain ere oso ohikoak bihurtzen ari dira momentuko bikotea osatzen duten bi pertsonenak ez izatea seme-alabak; hau da, batenak izatea eta beste guraso bat izatea etxe horretatik kanpo. Aita edo ama zuzena ez den pertsona seme-alaba horien erreferente bihurtzen da, eta babes nagusi bat. Baina hor banaketa bat dagoenean edo erreferente horri zerbait gertatzen bazaio, legeak ez du erlazio hori bermatzen eta ez dago legean kontenplatuta.

Legedia molde berri horietara guztietara moldatu behar da?
Noski, ezkontzaren instituzio guztia, legeak babesten duen egitura hori guztia birpentsatu behar da. Hor pentsatu beharko litzake benetan zer nahi dugun babestu. Gero praktikara joanda, egoera berri horiek guztiak kontenplatu behar dira eta horiei ere erantzun bat eman.

Hitzaldiaren helburua zein da, bikote harreman batean dagoen bati laguntza eskaintzea?
Etengabe iristen zaizkigu bikoteak galdetzen ea ezkontzea hobeto den ala ez. Ematen du garai oso modernoetan bizi garela, baina nik uste dut oraindik ideia batzuk oso errotuta jarraitzen dutela, batez ere, seme-alabak datozenean edo etxea erosten dugunean edo dena delakoan, jendeari zalantza hori sortzen zaio. Gizartean oraindik errotuta dago ezkontza dela segurtasun gehien emango digun eraentza edo erregimen hori. Guk tailer eta hitzaldi hauekin nahi duguna da azaldu zein aukera desberdin dauden, eta aukera bakoitzak eskaintzen diguna. Ez dago erregimen bat edo formula bat ona izan daitekeena jende guztiarentzat. Hor gakoa da aukera desberdinak ezagutzea, eta norberak hausnartzea zer egokitzen zaion hoberen. Gatazkan egon aurretik jendeak gai honi buruz hausnartzea nahi dugu. Iruditzen zait horrek ere harreman osasuntsuagoak sortu ditzakeela. Agian, momenturen batean elkarrizketa deserosoak izan daitezke ez gaudelako kulturalki ohituak diruaz hitz egitera edo iruditzen zaigulako mesfidantza seinalea izan daitekeela. Eta guztiz kontrakoa da.

Zeintzuk dira gaur egun dauden tresnak?
Ezkontza eta izatezko bikotea, eta hortik kanpo beti egin daitezke notario aurrean itun desberdinak. Batez ere, ekonomikoari begira. Baina horrek, adibidez, ez liguke bermatuko alarguntasun pentsio bat. Hori bakarrik ezkontzen edo izatezko bikote izanda lortzen da.

Seme-alabak daudenean ere, notarioaren aurrean itunak egin daitezke?
Bai, noski.

Zergatik antolatu duzue azaroaren 20ko hitzaldia?
Iruditzen zait ematen dioguna baino garrantzia gehiago duela arlo honek, eta nagitasun handia eragiten digula. Agian ez da oso erakargarria gai honetaz hitz egitea, baina benetan eragin ikaragarria izan dezakeela gure bizitzan, gure etorkizunean, gure harremanetan... Horregatik, merezi du momentu deseroso horiek izatea eta kontzientzia hartzea. Inertzia patriarkala da, eta inertziagatik da askotan emakumeek beren eskubideak edo beren gaitasun ekonomikoak eta abar alde batera uzten dituztela, familiaren ongizatearen alde, beste neurririk hartu gabe. Edozein erabaki izan daiteke egokia, noski, baina neurriak hartu behar ditugu horrek gure oraina eta gure etorkizuna ez baldintzatzeko.

Hitzaldia: “Familia eredu berriak eta legedi zaharra, nola uztartzen da hau?”
Azaroak 20, osteguna.
• Arratsaldeko 17:30ean, Emakumeon Etxean (Kalezar).
• Hizlaria: Irule Abokatuak taldea.
• Zehaztasunak: "Ezkontza zaharkituta dago? Modernoagoa da ez ezkontzea? Nola antolatu dezaket elkarbizitza? Zein eragin izango du honek etorkizunean? Ezkontza, izatezko bikotea edo bestelako tresnak zein aukera eskaintzen dizkigute eta zein desberdintasun daude beren artean? Dibortziatzen banaiz zein eskubide ditut?".
• Antolatzailea: Usurbilgo Emakumeon Etxea.