Hasteko, zehazterik bai aholkularitza zertara bideratua dagoen?
Sheila Melcon: Ez da aspektu klinikoa lantzen soilik. Bidelagun gisa ikusten dut nire egitekoa. Terapeuta feminista bezala definitu izan naiz. Begirada feministatik lan egiten duen topalekua da. Aholkularitza psikosoziala eskaintzen dugu, juridikoa ere tarteka. Beharren arabera egokitutako aholkularitza zerbitzua da. Hilabetean bitan eskaintzen dugu.
Ez da zerbitzu berria. Aurrerantzean, Sortzen-ekook kudeatuko duzue. Zer harrera izan du orain arte herrian?
Aurreko esperientziarekin harrera handia izan du. Kasu piloa iritsi ziren. Oso gustura geratu ziren zerbitzuarekin. Hasi berriak gara, baina ikusten da egindako lana, ereindako lurra. Jendea oso gustura dago Emakumeen Etxeak eskainitako zerbitzu honekin. Horri eutsi nahi diogu.Terapia feministatik lan egiten zuen aurreko psikologoak eta baita nik ere.
Nolakoa da Sortzenen "zigilua" zerbitzu hau eskaintzeko moduan eta orduan?
Zigilua feminista da. Erdigunean jartzen dugu pertsona horren erritmoa. Datorrenak emandako pausoen atzetik hasten gara lanean. Bidelaguntza feministak ez du isolatzen bizi duen egoera, sintoma, baizik eta datorrenaren testuinguru sozialean kokatzen da. Testuinguru horrek duen eragina ikusten da. Izan ere, indibidualtasun horretatik kolektibotasunera goazenean beste bide batzuk jorratu daitezke. Askotan, indarkeriaren gaia lantzerakoan, emakumeak berak egindako zerbaitegatik daudela gaixo uste dute. Eta ez da hori, jasandako indarkeriaren ondorioak pairatzen ari dira. Bigarren astea da Usurbilgo Emakumeon Etxean. Esperientzia gehiago izan ditut beste herrietan. Ohikoa izaten da, emakumeen ahotan zoro hitza entzutea, oso gaztetatik ez direlako sartu sistema honek eskainitako emakumetasun ereduan. Baina ez dira zoroak, noski, biktimak edo bizirauleak dira. Hor patroi asko erreproduzitzen dira, patriarkatuagatik. Feminizatutako patologiak badaude. Nire ibilbidean ikusi dut bizitakoaren seinaleak gorputzean nola geratzen diren, horrek zer nolako mina, fisikoa izaterainokoa, eragiten duen. Hor ikusten da nola mintzen, gaixotzen gaituen sistemak. Adibidez, ikusten da nola oso nekatuak dauden, lo egiteko arazoak dituzten... Sexu indarkeria jasandako adin txikikoen kasuan, esaterako, horrek gerora izaten ditu ondorioak. 35-40 urterekin emakumeak hasten dira oroitzen edo berriro bizitzen, aurrez jasandakoa eta orduan datoz ate joka. Ezin dute auzitegira joan, preskribatua dagoelako, baina guri horrek berdin digu, mina bada, artatuko dugu. Sortzen-en, errelatoa froga bat da. Horregatik, hemen senti dezakete ez direla epaituak izango. Espazio segurua izaten ahalegintzen gara. Izan ere, batzuetan beste eredu kliniko batzuetatik datoz emakumeak gugana, eredu horietan ez dutelako sintoma egoki kokatzen testuinguru batean. Norbanakoa ikusten dute, baina ez atzean duen guztia. Horregatik, hona datozenek behar dutena da begirada feminista. Emakume bat izan daiteke lesbiana, queer, asexuala, intersexuala, transa... Sistemak ere horregatik kanporatzen zaitu. Kanporatze horrek eragindako ondoezentzat ere hemen bidelagun bezala gu egon gaitezke, indarkeria LGTBIQ+fobikoari galga jartzeko.
Beste batzuk egin beharreko lanketak egin ez izanagatik datoz, gainera.
Horregatik, gainera, emakumeok sortu ez duten min guztia arintzeko pribatura jo eta ordaindu beharko balute pobretzen dira, bizitako horren guztiaren biktimak izanda. Horregatik, zerbitzuok publikoak izan behar dute, doako espazioak. Usurbilgo Emakumeon Etxeak haientzako doako zerbitzua eskaintzea oso garrantzitsua da. Erreparazio bat da, udal mailan egiten dena, min horiek erreparatzeko zerbitzu publikoak jartzea eskura.
Eraldaketa da helburua.
Denbora osoan feminismoak ekarri diguna, mugimendua da. Goazen mina eragiten diguten egiturak haustera, feminismo olatuekin dator hori. Diotenez, laugarren olatua surfeatzen ari gara. Zerbait bada terapia, akonpainamendu hauek emakumeentzat zerbait badira, mugimendua da.
Zerbitzu honen beharra izan, baina iritsi ezin duenari zer esango zenioke?
Ez dela epaitua izango. Erritmo kontuak, batzuetan terapia ezin etorri edo ohetik ezin jaikitze hori oso ulergarria da. Edo agian, bi saioetara etorri, zerbaitek barrua mugiarazi eta hirugarren horretan ezin sostengatu egon daiteke. Hala bada, egoteko lasai, berak behar duen horretan, ate hau irekia egongo da. Agian, espazio fisikora etorri aurretik ere egin daitezke pausoak, whatsapp bidez akaso, errazagoa izan daiteke hasieran. Berez modu presentziala lehenesten dugu, baina zenbait kasurekin adibidez, pentsa emakume migrante bat lanean dagoena astelehenetik astelehenera. Bi ordu soilik ditu libre igandeetan. Tarte horretan, online saiotxo bat egin daiteke une oso puntual batean, bere beharragatik. Edo, agian ni ez naiz sentitzen gai hona bakarrik etortzeko baina lagun edo senide batekin bai. Bakoitzak ikusi behar du nola ikusten den. Baina hemengo atea beti zabalik izango du. Erraztasunak jartzen saiatzen gara.
Zuretzat herri hau ezaguna da. Aldez aurretik hainbat lanketa egin dituzu hemen.
Usurbilen egon naizen beste hainbat uneetan, indarkeria matxistaren aurkako protokoloari begirako lanketan aritu nintzen, formazio saioak ematen; amatasuna eta indarkeria nola uztartzen zen, eskolaren papera zein den, detekzio lanak ikusten... Beste bidelaguntza bat eskaintzen aritu nintzen, formatzaile paperetik. Festei begirako protokoloak ere egiten aritu gara Usurbilen; gazte asanlada, gazte feministak, ostalariak, jai batzordeak formatzen. Lan polita egin zen. Inplikazio aldetik, herri hau ezagutzen dut, herri honen argazki bat badut eta horrek ere errazten du hemengo lana. Datozenentzako ere errazagoa izan daiteke, banaizelako aurrez haiekin egon den pertsona. Beraz, gertutasun hori izan dezaket.
Herri honi buruz duzun argazkiaz zer esan dezakezu?
Gehien harritu ninduena izan zen, herri honen gaztetasuna eta indarra. Gazteak lanerako gogotsu ikusi ditut, erresistentzia egiten kalean. Ikusi dut halako gazte indarra eta batasuna. Ikuspegi horretatik, jaien esparruan gazte indar eta batasun horrek, biktimei espazio seguruak eskaintzen dizkie.
Informazio gehiagorako:
Aholkularitza zerbitzuaren egutegia: otsailak 16, martxoak 2 eta 16, apirilak 13 eta 20, maiatzak 4 eta 18, ekainak 1 eta 15, uztailak 6 eta 20.
Ordutegia: 15:00-19:00.
Zehaztasunak: "Zerbitzuaren xedea pertsonen autoezagutza, ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten tresnak ematea da, norbanakoaren ongizaterako eta gizarte-eraldaketarako. Ikuspegi psikosozial, humanista eta transfeminista bermatuz eskaintzen da zerbitzua".
Hitzordua aurrez eskatu behar da, bideotatik: emakumeonetxea@usurbil.eus / 943 377 112.