Usurbil F.T.-ren zuzendaritza taldea, errelebo beharrean

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 26a

Jokoan den 2025-26 denboraldi honen amaieran, bere ibilbidea amaitutzat emango duela jakinarazi du Usurbil F.T.-ko zuzendaritza taldeak. Martxoaren 27ra arteko epealdia finkatu dute, erreleboa hartzeko prest egon daitezkeenak bilgunearekin hartuemanetan jar daitezen.

"Etapa berri bati hasiera emateko unea iritsi da". Hala jakinarazi du Usurbil F.T.-ren zuzendaritza taldeak NOAUA!ra igorritako adierazpenaren bidez. Testuinguru honetan, egungo talde horrek bere ibilbidea amaitzea erabaki du, 2025-26 denboraldi hau bukaerara heldutakoan.

Esker ona adierazi diete bidelagun izan dituztenei. Horrekin batera, erreleborako deia egin dute. Interesdunentzat martxoaren 27ra arteko epealdia finkatu dute, Usurbil F.T.-rekin hartuemanetan jartzeko.

Usurbil F.T.-ko zuzendaritza taldearen adierazpen honetan dituzue xehetasunak:

Denboraldi amaieran egungo zuzendaritza taldeak bere lana amaitutzat emango du
Usurbil Futbol Taldeko zuzendaritzak jakinarazi nahi du denboraldi honen amaieran egungo zuzendaritza taldeak bere lana amaitutzat emango duela. Urte hauetan guztietan, ilusioz, arduraz eta konpromisoz jardun dugu klubaren alde, proiektu sendo bat eraikiz eta kirolaz harago doazen balioak landuz.

Ibilbide honetan, talde-lana, errespetua, berdintasuna, parte-hartzea, euskara eta herriarekin lotura estua izan dira gure lanaren oinarri. Harro gaude egindako bideaz eta lortutakoaz, eta eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan bidelagun izan ditugun pertsona, familia eta erakunde guztiei.

Etapa berri bati hasiera emateko unea iritsi da, eta horregatik, Usurbilgo herritarrei dei egin nahi diegu: klubaren etorkizuna bermatzeko ilusioa duten pertsonei, lanerako gogoa eta konpromisoa duten guztiei, zuzendaritza-talde berri bat osatzeko pausoa eman dezaten. Helburua argia da: orain arte egindako lana jarraitzea, proiektua sendotzen jarraitzea eta landutako balioei eutsi eta haiek garatzen jarraitzea.

Interesa duten pertsonek martxoaren 27a baino lehen jarri ahal izango dute harremanetan klubarekin, telefonoz edota aurrez aurre zuzendaritzako norbaitengana hurbilduz, informazio gehiago jasotzeko eta euren burua aurkezteko.

Azpimarratu nahi dugu egungo zuzendaritza taldea ondoan izango dutela prozesu honetan: trantsizio egoki, ordenatu eta arina bermatzeko, beharrezko informazioa eta laguntza eskainiz, klubaren etorkizuna ahalik eta baldintzarik onenetan eraikitzeko.

Kluba herriarena da, eta bere indarra komunitatean bertan dago. Ziur gaude Usurbilen badagoela erronka honi heldu eta etorkizunera begira klubaren ibilbidea gidatzeko prest dagoen jendea.

Eskerrik asko orain arteko babes eta konfiantzagatik, eta etorkizunean ere klubaren alde lanean jarraituko duten guztiei, aldez aurretik, gure esker ona.