50. urtemuga betean da Usurbil F.T. Bost hamarkadako ibilbidea ez dute oharkabean igarotzerik nahi. Horregatik, ekainera arte hainbat ekimen iragarri dituzte, horietako bi ekintza larunbat honetarako, apirilaren 11rako, Haranen bertan.
Usurbil Cup
Batetik, atzera begira jarri asmo du futbol klubak. Izan ere, urte luzez ehunka gazte futbolean jokatzen jarritako Usurbil Cup txapelketa berreskuratzea erabaki dute egun batez, hilaren 11n hain zuzen. "Usurbil Cup Remember" deitu nahi izan diote ekimen horri. "Usurbil Futbol Taldearen 50.urteurrena dela eta, gogora ekarri nahi dugu herrian egin izan den Usurbil Cup txapelketa", jakinarazi dute antolatzaileek sare sozialen bidez. Ekimenean 2010-17 urte artean jaiotakoek parte hartu ahalko dute. Izen-ematea, aldiz, hilaren 5ean itxi zuten.
Mus txapelketa
Horrekin batera, batek baino gehiagok galdegindako mus txapelketa antolatzea erabaki dutela jakinarazi du Usurbil F.T.-k. Larunbat honetan, apirilaren 11n jokatuko da. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da lehiaketa Harane futbol zelaian bertan. Euria egingo balu, Haraneko lokal barruan egingo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Arratsaldeko 16:00etan hasiko da karta jokoa, baina ohi den moduan, 15:30etan irekiko dute izena emateko epealdia. Lehenengo hiru bikote sailkatuentzako sariok iragarri ditu Usurbil F.T.-k:
-1. saria: txerrikume eta lau botila ardo bana.
-2. saria: txuleta eta botila ardo bana.
-3. saria: gazta eta botila ardo bana.
50 urte bete dituen Usurbil F.T. ekainaren 27rako egun osoko jaialdia prestatzen ari da. Mende erdia ospatzeko egun nagusia izango da. "Klubarentzat egun handia izango da. Goizeko ekintzetatik hasi eta gaueraino, gelditu gabe jarduera ezberdinak" antolatuko dituzte.
Sare sozialen bidez jakinarazi nahi izan dute, "ekainaren 27an Usurbil F.T.-ren 50.urteurrena dela eta egun handia antolatu dugula goizetik hasi eta gaueraino".
50. urtemugako egitaraua guztiz zehazteke dutela adierazi arren, finkatua dutena da bazkaria antolatuko dutela. Horri begirakoa da hain zuzen, kaleratua duten oharra. "Etorriko den jende kopurua jakin nahi dugu, antolatzen jarraitzeko", zehaztu dute Usurbil F.T.-tik. Izan ere, argitu dutenez, leku kopurua mugatua izango da eta izena ematen lehenengoak direnak izango dute lehentasuna otordu horretan egoteko.
Horregatik, otordu horretarako aurrez izena emateko epealdia irekitzea erabaki dute. Horretarako, galdetegia osatu beharko da maiatzaren 3a baino lehen. Horren harira, zenbait argibide eskaini ditu Usurbil F.T.-k. Batetik, inskripzio hau bideratzen dutenek lehentasuna izango dute gero izena emateko. Galdetegia osatzen dutenek hain zuzen, email bat jasoko dute izen-emate ofiziala lehenago egin ahal izateko. Ondorioz, orain apuntatzeak ez du esan nahi bazkarira joan beharko denik.
Otordura 16 urte beteak dituztenek edo hortik gorakoek joan ahalko dute, "gurasoekin ez bada". Ordainketak izen-emate ofiziala egiterakoan bideratu beharko dira.
Usurbil F.T.-tik ohartarazi dutenez, "aurre izen-ematea bete dutenekin aforoa beteko ez balitz, soberan dauden eserlekuak libre jarriko dira edonork izena eman dezan".
Futbol taldeen bilgunearen 50. urtemugako otordurako aurrez izena emateko galdetegirako lotura honako hau duzue:
Usurbil F.T.-ren 50. urtemugako bazkaritarako aurrez izen-emateko galdetegia