Nolatan antolatu dituzue jardunaldiok?
Miren Iturburu: Giza eskubideen errespetua eta sustapena bermatzeko, erabakiak, laguntzak, jardun profesionalak eta pertsonen bizitza, konpromiso etikoek eta jarrera enpatikoek gidatu behar dituzte, tratu duina eta pertsonalizatua eman ahal izateko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Gai hauetan oinarrituz, Matia Fundaziotik, hitzaldi hauek antolatu ditugu. Horien bidez, aurrez aipatutako gaiez jabetzea eta giza eskubide horiek urratzen diren egoerak identifikatzea da helburua. Lehenbizi, giza eskubideen gaia jorratzen da, gero etikarena. Komunitateari zuzenduriko saioak dira.
Laura Fernandez: Giza eskubideen gaia oinarrizko galdera batekin lantzen hasten gara; zer diren giza eskubideak. Isiltasuna eragin ohi duen galdera da, ez du erantzun errazik. Eskubideen konkisten ibilbidean murgiltzen gara, akordio bat egonik zergatik diren hain zailak betearaztea. Giza eskubideok eguneroko bizimoduan gauzatzeari buruz hitz egiten dugu, giza eskubideek gure eguneroko bizimoduan nola lur hartzen duten eta nola hel gaitezkeen eskubideok urratzera.
Ikuspegi integraletik jardun nahi duzue.
L.F.: Eskubideak bermatzeaz jardun nahi dugu, praktika zehatz batean eskubideak urratzen egon gaitezkeela jabetzeaz. Helburu batzuekin goaz, baina elkar entzuteko espazioak dira. Pertsonek gogo asko izaten dute hitz egiteko, bere egunerokoa, bizipenak, erronkak partekatzeko. Laguntzen ditugun pertsona zaurgarrien eskubideen bermatzaileak gara, behatu beharreko gaia da giza eskubideok ez urratzeko. Hausnarketa oso interesgarriak azaleratzen dira.
Zergatik sustatu nahi duzue komunitatearen parte hartzea?
M.I.: Komunitateak zaintzailea izan behar du, denon ardura da. Elkar zaintzearen arduradunak gara. Hor badaude oinarri batzuk ezagutu beharrekoak, are gehiago, egungo mundu nahasi honetan. Goazen mantsoago pentsatzera. Etikari eskainitako saioa hortik bideratuko dugu. Gatazka etikoak, baloreen gatazkak direnak identifikatzen jakitea nahi dugu, giza eskubideei oso lotuak daudenak. Izan ere, baloreek askotan talka egiten dute eta denak aldi berean ezin dira bermatu. Etika, erabaki ahalik eta onena, zuhur, zentzuzkoena hartzean oinarritzen da, baldintzak eta ondorioak aurreikusita.
Zubiak eraikitzen ditu gatazken aurrean.
M.I.: Matia Fundazioko etika batzordean egoera bat aztertzen da, ahalik eta informazio gehien jasotzen dugu, gero jokoan dauden baloreak ebaluatzen ditugu eta erabaki onena hartzen da. Hori guztia modu deliberatuan egiten da, kolektiboki, mantso, zuhurtziaz erabakitzeko. Etika eguneroko bizimoduan aplikatzen da, uneoro erabakitzen ari gara. Horregatik, baloreen arteko gatazkak sortzean geratu eta pentsatu beharra dugu.
Gatazkak zenbaezinak izan daitezke. Baina izango dira errepikakorrak diren gaiak, erabakitze eskubideari lotutakoa adibidez.
L.F.: Zer ulertzen dugu erabakitze eskubideaz? Pertsonen erabakitze eskubideetan laguntzerantz jotzen goaz, ez pertsonak ordezkatzerantz. Kezka eragiten duen gaia da, zer laguntza behar duen pertsona batek erabakitzeko, nola erabaki bakoitzak zer laguntza behar duen... Hainbat gai egon daitezke, egunerokoan hausnarketa etikora eraman gaitzaketenak.
M.I.: Gaitasun hori, dementzia edo buruko gaitzen bat duten kasuetan adibidez, zaila da argi izatea, ez dagoenean argi pertsona bat erabakitzen ari dela guztiz ondorioen jakitun izan gabe. Horregatik, deliberatu beharra izaten da. Garrantzitsuena da inoiz muturreko erabakirik ez hartzea, tarteko bidea aurkitzea. Normalean, pertsonen desioak eta lehentasunak kontuan izanda, gatazka asko leuntzen dira. Horretan dihardugu Matia eta Urkoa fundazioen etika batzordean. Etengabe hezten gabiltza.
L.F.: Horretarako garrantzitsua da denbora hartzea, aukerak aztertu eta gatazkak konpontzeko. Matiaren giza eskubideen batzordean eskubideon urraketak aztertzen ditugu, nola konpondu, beharrezkoa bada erakundeetara jo, juridikoki aztertu...
Prozesuotan sarritan ager daitezkeen hitz gakoak, oreka, mugak dira?
M.I.: Zuhurtzia eta ardura.
L.F.: Giza eskubideez ari garenean, eskubideak neurtzeaz hitz egiten da, haien arteko orekaz. Bi eskubide urratzen badira, zein litzatekeen kaltetuena edota zeintzuk diren jokoan dauden eskubideak erabaki bat hartzerakoan. Horregatik, askotan zalantzan jarri behar dira, eztabaidatu beharra dago. Izan ere, batzuetan pertsona bat babesteko asmoz, bere eskubideak baliogabetzen ditugu, eta hor bere duintasuna ezabatzen ari gara; nik badakit zer den onena zuretzat, nik zure ordez erabakitzen dut esaldia aplikatzen da.
Azkenean, babestu beharreko pertsona kontuan hartu gabe.
L.F.: Pertsona batek laguntza behar duenean, zahartzaroan edo aniztasun funtzionalarekin, eskubideak galtzen goazela dirudi. Baina laguntza jasotzeak ez du ekarri behar balore edo eskubide galerarik. Horregatik, komunitateak denontzat eraiki behar dira eta bertan, etikak eta giza eskubideek presente egon behar dute.
Begirada aldatzen jarraitzea eskatzen digu horrek guztiak.
L.F.: Laguntza behar izateak murrizketa dakarrela, ikuspegi hori aldatu behar da. Interdependenteak gara, elkarren beharra dugu.
M.I.: Ikuspegia eraldatzen doa. Orain eskubideak aldarrikatzen ditugu. Zergatik da zaila elkar ulertzea? Pluraltasuna dagoelako, iritzia ematen dugulako. Desberdinak gara.
Eskubideen aldarrikapena ahalik eta egokien nola kudeatu, hor dago gakoa ezta?
M.I.: Haurtzarotik ikasi beharko genuke hitz egiten, deliberatzen, argudiatzen.
L.F.: Pentsamendu kritikoa lantzen, dibertsitatea baloratzen. Egun, arriskua dago, giza eskubideak bermatuak ditugula jakintzat ematekoa. Baina garrantzitsua da adi egotea, defendatzea, gogoratzea, hauskorrak baitira. Horregatik, babestu beharrak daude, bereziki zailtasun gehien dituzten pertsonen kasuan, horien zaintzaileak izan behar dugu. Defendatzen ez den eskubidea galdu egiten dela diote.
Komunitate zaintzaileagoen eraikuntzan nola goaz, aurrerabidean?
M.I.: Gipuzkoan bultzada handia izaten ari da Foru Aldundiaren eta udalen partetik. Beharra dagoela ikusten da. Zaintza ekosistemak garatzeko proiektu dezente daude hainbat udalerrietan. Usurbil da aitzindarietakoa, begirada oso zaintzailea duena, eredugarria izaten ari dena beste udalerrientzat.
Zer adierazi nahiko zeniekete hitzaldiotan parte hartu nahi dutenei?
L.F.: Usurbilen Eguneko Zentrotik heldu zen hitzaldiok egiteko eskaera. Udalerri zaintzaile gisa, nondik jo nahi duen ikusi eta gaiotan hausnartu eta sakondu nahi duen edonor gertura daiteke. Ez dira saio teknikoak izango, ez da jakintza zehatzik behar. Etika, giza eskubideak eguneroko bizimoduan ditugu. Nola komunikatu, tratatu, bizi eta elkarbizi garen, horri lotuak daude.
"Etika eta giza eskubideak pertsonen zaintzan", Egurtzegin
-Maiatzak 22: 10:30-13:00 Giza eskubideak. Hizlaria: Laura Fernandez, Matia Institutua.
-Maiatzak 29: 10:00-13:00 Etika. Hizlaria: Miren Iturburu, Matia Institutua.
Izen-ematea: labur.eus/yagiypih
Informazioa: 688 695 082.
Antolatzailea: Matia.