Energia eta festarako gogo bizia zerion ostiral arratsalde honetan, ekainaren 19an, Kalezarko plazari. Segidan dituzuen irudiotan ikus dezakezuen moduan, nola hasi dituzten aurtengo auzoko festak; lehia bizian hain zuzen. Jokoetan neurtu dituzte indarrak, hitzordurako osaturiko bi jolakari multzoek.
Txupinazoa jaurtita lokots nahiz sagar bilketan, trontzan, zaku lasterketan, zakuak edota txingak garraiatzen aritu dira. Lehia estua bizia izan da hitzordu hasieratik amaieraraino. Dena eman dute, aurkariari ez diote abantaila txikiena izateko aitzakariak eman nahi izan.
Sokatiran amaitu dute arratsaldea. Belmonte kalean egin ohi duten amaierako proba horretan, saltsa ederra sortu dute parte hartzaileek. Kalean gora batzuek eta behera besteek, gogotik tira diote sokari.
Amaieran, txapeldun bakarra izan da; auzoa bera eta laguntasuna, taldeko argazkirako batu direnean argi utzi duten moduan.
Auzotarren arteko jokook abiarazi dituzte, energia handiz, ekainaren 24ra arte luzatuko diren aurtengo Kalezarko jaiak.