Kalezarko jaiak

Ongi etorri beroa eman diote Lauburu konpartsaren itzulerari

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 21a

Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak aurtengo estreinako lehen kalejira egin du larunbat honetan, ekainaren 20an, Kalezarko kaleetan barrena.

Ikusmin handia zegoen. Haien esperoan irrikitan ziren. Izan ere, ia urtea igaro da azkenekoz ikusi genituenetik. Larunbat honetan, ekainaren 20an, plazaratu dira lehenengo aldiz aurtengoan, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideak. 

Aurreikusitakoa baino ordubete pasatxo geroago izan da. Izan ere, beroagatik Orbeldi dantza taldekoen emanaldia 60 minutuz atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

Beroak bero, erraldoiak eta iaz estreinakoz plazaraturiko buruhandi talde berria ikusi orduko hasi dira gaztetxoenen lasterketa bereziak Kalezarko kaleetan barrena.

Erraldoiek dultzaineroekin batera gogotik egin dute dantza Egurtzegi eta Peña Pagola atarietan nahiz Felix Aizpurua plazan, abiapuntura, haur eskola parera itzuli aurretik. 

Gogoan izan, Lauburuk eta Udalak iaz adostu eta sinaturiko lankidetza hitzarmenaren baitan, Usurbilgo herri eta auzoetako jai guztietan kalejira bana egitea erabaki zuten.

Iaz Kalezarren, Usurbilen, Zubietan, San Estebanen, Atxegalden, Santuenean eta Aginagan eginiko estreinako bira arrakastatsuaren ondotik, bigarrenari ekin diote larunbat honetan.